Sidati Moh Salem Alimusa: "Saharan ez dago ezer; ez dago lanik eta egoera oso larria da"

Maider Arregi 2015ko ots. 12a, 10:15

Urtebete darama Sidati Moh Salem Alimusak Antzuolan. Herrian, baina, guztiz integratua dago. Euskara ikasten ere badihardu Auzokori esker. Oso jende onarekin topo egin duela eta pozik dagoela Antzuolan dio. Aurten gainera, Anelkarrek Sahararen alde egiten duen urteroko kanpainan ere parte hartu du. Martitzen arratsaldean Sahararen egoeraz jardun zuen Olaranen. Bete egin zen aretoa.

"Antzuolak 11 urte daramatza Saharari laguntzen. Aurten aukera izan dut produktu eta kaxen zenbaketan parte-hartzeko. Benetan lan zoragarria eta garrantzitsua da herriak egiten duena. Saharan familiak zain daude, izan ere, hemendik bidaltzen diegun laguntzari esker bizi dira".
Egoera benetan gogorra bizi dute sahararrek: "Han ez dago ezer; ez dago lanik. Hemengo laguntza eta berotasuna asko eskertzen dute. Umeek ere eskolarako koadernoak eta boligrafoak behar dituzte".

Libre izan gura duen herria

40 urtean egoera gogorra bizi du Saharar herriak eta denbora gehiegi pasa dela dio. "Familia asko banatuta dago; batzuk kanpamendutan, errefusatu gunetan bizi dira. Beste batzuk, aldiz, okupatutako zonan. Libre izan gura dute eta Gobernuek ez dute ezer egiten", gaineratu du.
Sidati Moh Salem Alimusak 1976an utzi zuen Tindufeko errefusatuen kanpamendua Kanariar Uharteetara joateko. "39 urte daramatzat aita ikusi gabe". Egun, Antzuolan emaztearekin eta semearekin bizi da.

7.000 kilo, Saharara  

Antzuolak 11 urtetan ia 7.000 kilo   bidali ditu Saharara. "Herriko eskolari, Udalari eta Anelkarri esker, eta noski herritarrei esker, posible izan da 2.000 biztanleko herri batean horrelako elkartasuna adieraztea", azpimarratu zuen hitzaldian Jabi Etxanizek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak