Auzo-konpost guneak egokitzeko lanak martxan

Mireia Bikuña 2014ko abe. 19a, 09:00

Sagastin hasi dira lanekin: lurrak prestatu, hartxintxarra bota, zelosiak jarri eta sarrerak egin. Ondoren konpostagailuak jarriko dira, eta Sagastikoan informazio panela.

Sagastikoa da herritarrekin adostutako guneetako bat. Baina,  guztira sei egokituko dituzte: Sagasti auzoan, bizikletak garbitzeko gunetik errepide nagusira artean; Ibarrondokoa, bi eraikuntza nagusien erdian dagoen txabolatik erreka babesteko hesiaren artean; Antiguakoa, edukiontziak zeuden lekuan, ermitatik gertu; Errekaldekoa, etxeen eta Ertzile baserriaren artean; Eguzki auzokoa, San Joxepeko ekarpen gunean ondoan; eta Lizarraga kalekoa, kamioiak Elayra sartzeko erabiltzen duten bidean. "Lanak asteon hasi dituzte, eta aurreikuspenak betetzen badira, urtarrilean hasiko dira antzuolarrak konposta egiten", esan dute udal arduradunek. Gune bakoitzean bi ontzi – horietako bat produktu lehorrena izango da, erabiltzaileek haien premia badute erabiltzeko– eta kutxa bana ipiniko dituzte.

Ikastaroa 

Udalak egindako deialdira 40 familiek eman zuten izena: Antiguan lau, Eguzkin sei, Errekalden 14, Sagastin 10, Ibarrondon lau eta Lizarragan bi. Familia horiek formazioa jasoko dute. "Ikastaroa egingo dute guztiek. Auzoka. Bi orduko saioak izango dira eta konpost guneak nola erabili ikasiko dute" diote Udaletik. Udal langileek ere formazioa jasoko dute, ondoren guneei jarraipena egin eta erabiltzaileen kezkak eta dudak argitu ahal izateko. Auzo-konposta egiten dutenek %25eko hobaria jasoko dute.

Eguneko 213 gramo

Udalak egindako aurreikuspenen arabera, auzo-konpostaren bidez kudeaturiko frakzio organiko kopurua hileko 747,63 kilo dela estimatu da. Estatistikako Institutuaren arabera, Antzuolako batez besteko pertsona kopurua familia bakoitzeko hiru da, eta  horren arabera, pertsona bakoitzak 213 gramu bio-hondar sortzen ditu egunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak