Antzuolako armarriko kanoiak kendu egingo dituzte

Mireia Bikuña 2014ko aza. 14a, 08:00

Belateko 12 kanoiak kendu eta haien ordez Gipuzkoa ordezkatzen duten zuhaitzak ipiniko dituzte: hiru hagin, hain zuzen ere. Aldaketa egitea aho batez onartu zuten azaroko osoko bilkuran.

2009ko urtarrilaren 8an Nabarralde elkartearen eskaera bat heldu zen Antzuolako Udalera: udal armarrian agertzen ziren Belateko hamabi kanoiak kentzeko eskaera: "Kanoi horiek gure historia belzten duen arma-gertaera kontatzen dutelako". Gipuzkoako armarrien aldaketak egiteko prozesuan Eusko Ikaskuntzaren babesa ezinbestekoa da, eta Antzuolakoa aldatzearen aukeraz galdegin zuen Patxi Olabarria orduko kultura zinegotziak 2009ko uztailaren 2an. Eusko Ikaskuntza kanoiak kentzearen alde agertu zen. Eta orduan hasi zen bost urte iraun duen prozesua. 

Bide hori bukatutzat eman zuten azaroko osoko bilkuran. Aho batez onartu zen Antzuolako armarria aldatzeko proposamena. Bilduk eta EAJk alde bozkatu zuten: Belateko hamabi kanoiak kendu, eta, haien lekuan, Gipuzkoa ordezkatzen duten zuhaitzak ipiniko dira, hiru hagin. Hori horrela, goiko eskuineko irudian ikusten den moduan, lau gune izango ditu armarri berriak. 

Goian, ezkerrean, kateatutako erregea dago zoru urdinaren gainean. Errege hori gipuzkoarrek hartu zuten preso, hark preso zuen Nafarroako erregea askatu zutenean; eta eskuinean, Gipuzkoa ordezkatzen duten hiru hagin berde ipiniko dituzte kolore gorriaren gainean. Beheko bi eremuek zerikusia dute Mairuaren Alardearekin. Nafarroako erregeak antzuolarren laguntza eskertzeko emandako eremuak dira. Alardearen bandera, herriko bandera ofiziala da 1997ko abenduaren 12a ezkero. Beheko eskuineko eremua berde kolorearekin eta ezkerrekoa urdinarekin.

Harrizko armarria

Udaletxeko fatxadan dagoen harrizko armarriak, originalak, bost gune ditu eta horretan Gipuzkoako haginak ere ikus daitezke, erdiko eremuan. 

"Harrizko armarrian dagoen bosgarren eremua betidanik hor egon da, gu konturatu gabe eta orain hori azpimarratu nahi da armarri ofizialera eramanez", esan du azken txostena egin duen Patxi Olabarriak.

Kanoien ordez, zer? 

Aldatu bai, baina nola? Kanoiak kendu eta haien ordez zer ipini? Zer-nolako garrantzia zuten Belateko kanoiek? Gainera, eremuak bere horretan utzi behar dira? 

Galdera horiek guztiak erantzuteko asmoz eta herritarrekin informazioa partekatzeko,  gizarteratze prozesu zabala abiarazi zuten. Hitzaldi sorta egin zuten 2010eko martxoan, eta, besteak beste, hitzaldiak egin zituzten Floren Aoitzek, Rosa Aierbek eta Angel Rekaldek.

Hitzaldi haietan esandakoak aintzat hartuta, Antzuolako armarritik kanoiak kentzeko erabakia berretsi zuten. 2011ko otsailaren 9ko osoko bilkuran, Belateko kanoiak kentzearen inguruko mozioa onartu eta haien ordez zer ipini erabakitzeko prozesua hastea erabaki zuten. 

Bi aukera zeuden: kanoien eremua hutsik utzi edo harrizko armarriaren erdian agertzen den bosgarren eremua kanoien lekuan ipini. "Gune hori hutsik uzteak  armarriaren prozesua oraindik bukatu gabe dagoela irudikatuko luke. Horregatik, aproposena bosgarren eremua gora igotzea da. Hala, Antzuolako armarriak Gipuzkoako egungo armarriarekin zerikusia izango luke, sorreran bezala", dio prozesua hasieratik jarraitu duen Patxi Olabarriak.

Armarri berrian beste bi aldaketa ere egongo dira: kanpoko dekorazioak eta koroa kendu egingo dituzte, eta lau eremu bakarrik izango ditu.

Bitxikeria ugari ezagutzera eman ditu armarriaren prozesu luzeak. "Kanoiaren eremuaren hariari tiraka hasi ginen eta gure armarri osoaren historia ezagutzeko balio izan digu. Armarriaren eta Antzuolaren historia ezagutzeko oso baliagarria izan da", dio Olabarriak.

Agiri ofizialetan

Antzuolak izango duen armarri berria izango da aurrerantzean Udalak izango duen irudi korporatiboa. Azaroko osoko bilkuran adostu zen armarri berria agertuko dela Udalaren agiri ofizial guztietan.

Armarriaren imitazioz hasi ziren mairua erabiltzen alardean

1876an Antzuolak bere armarriaren kopia eta azalpena bidali zituen Madrilera. Orduan konturatu ziren armarrian errege kateatu bat zegoela eta pentsatu edo asmatu zuten errege hura mairua izango zela. Armarriaren imitazioz, Antzuolako alardean mairu kateatua antzezten hasi ziren. 1881. urtean egin zen lehen aldiz Mairuaren Alardea. Aurreko mendeetan egin ziren alardeetan ez zegoen mairuaren figurarik eta ez zen Valdejunquerako bataila aipatzen. Era berean, bataila hartako dokumentazioan ez da  antzuolarren arrastorik ikusten. Hori horrela, 2007. urtean Eusko Ikaskuntzak Mairuaren Alardeari buruz egindako ikerketan frogatzen da mitotik gehiago duela errealitatetik baino.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak