Matak azaldu du espiritualitatea beti egon dela erlijioarekin lotuta, baina ez dela esklusiboki berea: "Gizakiaren parte da espiritualitatea, denok dugun beharra da. Behar espirituala denok sentitzen ditugun beharrak dira. Behar horiek zeintzuk diren jabetzea ezinbestekoa da bizitzan aurrera egiteko. Zeintzuk diren behar horiek? Bizitzan konfiantza izatea, bakean bizi izatea, bizitzari zentzua topatzea, isiltasunarekin disfrutatzea, gupida garatzea, eta abar".
Haren esanetan, bizitzako egoera zailak onartzean eta egoera horiek sufritu gabe gainditzen laguntzean datza adimen espirituala: "Arnasketa ariketen bidez eta meditazioaren laguntzarekin, ikasi egiten da egoera bat sufritu gabe gainditzen".
Giro lasaiaz disfrutatu
Kontzentrazioarekin eta arnasketarekin nork bere buruarekin konektatzea lortzen du ikastaroetan. "Bizi dugun estres horretatik ihes egin eta helburua lasai etortzea da; hala, giro lasaian erlaxatu eta egoera horrekin disfrutatzen ikastean datza saioa".Gaztetxo eta gurasoei Matak doan eskaintzen dizkie saioak. "Nire garapen pertsonalerako oso garrantzitsua da hau. Nire burua landu dudanean, lortu ditudan ondorio onez konturatu naiz; horregatik konpartitu gura dut dakidana gaztetxoekin eta gurasoekin. Meditazioak eta arreta entrenatzeak sekulako ondorioak ditu; zoriontasunaren gakoa orainaldian bizi izatea da. Hori ikasiz gero, tresna aparta da eta oso ondo funtzionatzen du, gainera", azpimarratu du.
Nigan proiektua
Mata orain dela zazpi urte hasi zen Nigan proiektua abian jartzen. "Semearekin eta haren lagunekin jarri nuen lehenengoz praktikan. Lasai egoteko beharra zuten eta aulki deserosoekin eta kandela batekin egin genuen lehen saio hura. Berehala eskatu zuten beste bat egiteko".
"Gurasoak gakoa dira. Izan ere, gurasoek praktikan jartzen badituzte arnasketa teknikak, hobeto ulertuko dituzte umeekin egiten diren saioak; harremana sendotzeko oso baliagarria dela dio Matak. "Arreta osoa eskainiz gero, gurasoen eta umearen arteko harremana goitik behera aldatzen da. "Hil honetan gurasoendako saioak egingo ditugu, interesa dutenek mezu bat bidal dezakete jesusmarimata@yahoo.es helbidera".
Barrukotasunaren heziketa bultzatzeko hainbat lagun batuko dira hainbat saiotan parte hartuta. Gaia hezkuntzan bultzatzeko gogoz daude ibarreko zenbait irakasle eta herritar ere.
Naturarekin harremanetan
Adimen espirituala naturarekin uztartuta ere lantzen du Matak. Kalean saio gutxi egin dituen arren, emaitza eta sentsazioak oso positiboak direla dio. Hala, zuhaitz bat besarkatuta edo lurrarekin kontaktu zuzenean jarrita lantzen dute meditazioa. "Pentsamendua alde batera utzita, buruan besarkatzen duzun zuhaitza soilik izanda, lantzen duzuna harrigarria da benetan", dio. "Meditazioa ez da leku itxian bakarrik egiten. Kalean edota naturarekin harremanean ere landu daiteke. Meditazioa da zure burua non dagoen une horretan konturatzea da".