Agurtzane Toledo: "Gauza zaharrei balioa ematen hasi gara berriro krisiaren ondorioz"

Maider Arregi 2014ko ira. 22a, 11:47
Toledok zaharberritze lanak egiteko zerbitzua dauka; orain, joste ikastaroak hasteko asmoa dauka.

Antzuolako komertzioa ondo ezagutzen du Agurtzane Toledok. 1987an ireki zuen Izarre denda Kalebarrenean, orain dela 27 urte. Ez da geldirik egoten den horietakoa eta beti dago zerbait berria ikasteko prest gero herritarren eskura jartzeko. Harekin elkartu gara krisiaz, komertzioen egoeraz eta bere lanaz jarduteko.

Urte askoan herritarrei zerbitzua eskaintzen zabiltza.

27 urte egingo ditut herritarren zerbitzura. Kalebarrenean hasi nintzen eskualdatzean hartutako mertzeriarekin lanean. Garai hartan, jertseak egiten zituen bertako emakumeak, eta jarraipena eman nion. Baina lokal handiagoa eta erosoagoa erosi nahi nuen. Hala, gure aitak eta Kutxak diruz lagunduta, Herriko Plazara etorri nintzen nire proiektua aurrera ateratzera, Biskalatza etxearen lokalera, hain zuzen.

Beti ikasten zabiltza; ez zara geldi egoten zaren horietakoa.

Bai; gainera, ikasten dudan guztia dendara ekartzen dut, herritarren eskura. Orain, josten ikasteko ikastaroak eskaini nahi ditugu. Hori iraganean egiten zen, baina berriro hari gara lehengo garaietara bueltatzen. Gauza zaharrei balioa ematen hasiak gara krisiaren ondorioz.  

Zaharberritze lanak egiten dituzu.

Betidanik eskaini dut zaharberritze zerbitzu hori. Beti izan dut, gainera, herriko jostunekin hartu-emana. Hona etortzen ziren botoiak, kremailerak edota hariak erostera. Biskalatzako izeba batek, hain justu, jostun lanak egiten zituen aurretik hemen. Orain, zaharberritze lanak gehiago baloratzen dira. Lehen, haria eta botoiak erosita josten irakasten zen; gaur egun, ordea, kobratu egiten da irakasteagatik. Diru aldetik ez zen baloratzen; orain bai. Jostunek konponketekin dute lana, ez arropa egiten. Diruari asko begiratzen zaio. Ondorioz, krisi garaiak zerbitzu hau indartu egin du. Liburuekin ere berdina gertatzen ari da: jendeak berrerabili egiten ditu berriak erosi beharrean. Nik dendan ditudanak bezeroekin konpartitzen ditut, esaterako. 

Herriko komertzioa nola ikusten duzu? Krisiak eragin dio?

Antzuolako komertzioa? Oso gaizki. Baldintza onetan ez bada komertzioa zabaltzen, ezin du aurrera egin. Nik laguntza izan dudan moduan, beti izan dut besteei laguntzeko joera aurrera egin dezaten. Herrian oso komertzio gutxi daude. Jendea kanpora joaten da erostera; dena den, joera hori beti egon da eta beste herri batzuetan ere horrela dela esango nuke. Hala ere, nik uste dut lokalen jabeak garenok konpromisoa izan beharra daukagula herriko jendearekin eta zerbitzua eman behar diegula. Une honetan, esaterako, kontsumo taldearen parte naiz eta konpromisoa daukat herritarrekin zerbitzua eskaintzeko orduan. 

Iriologo eta dietista gisa ere egiten duzu lan.

Kontsultak ditut eta jendeari arreta eskaintzen diot behar duen zerbitzua eskaintzeko. Nire ogibidea da. Esan dudan moduan, nahiz eta mertzeriarekin hasi, ez naiz inoiz geldirik egon, beti ikasten jardutea gustatzen zait-eta. Kontsultak Zarautzen ditut. Talde bat gara eta batzuetan kanpoan ibiltzen naiz. Dena den, norbaiti zerbitzua eman behar badiot, Antzuolara etortzen naiz. 

----------

Biskalatzako etxea Jesus Etxeberria Biskalatzako semea da eta bertan bizi da. Etxeberria arduratzen da Izarra negozioa zaintzeaz Toledo kontsulta pasatzen dabilenean Zarautzen. "Bertakoa da Jesus", dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak