Bittor Arbulu: "Ur-putzu berriak zulatuko ditugu Kongon"

Maider Arregi 2014ko ira. 19a, 12:00

Azkeneko hamar urteotan Kongoko Pande bailarako umeen eskolaratzean dihardu borondatez lanean Bittor Arbulu antzuolarrak. Anelkarrek gaurko Elkartasun Festan batutako diruaren zati bat bideratuko du bertara.

Zein lan egiten ari zarete Kongon?

Hamar bat urte daramatzagu umeen eskolaratze lanean. Horri jarraipena eman nahi diogu. 2.500 umek jasotzen dute eskolako materiala. Irakasleek, berriz, soldatak eta guk bidalitako laguntza txikiak ere jasotzen dituzte.

Nolakoa da Pande bailara?

50 kilometro luze da bailara; Pande ibaiaren bueltan dago. Hamabi herri daude; bi dira nagusiak: Kansenia eta Kapiri. Orain dela hamabost bat urte hasi ziren eskolak eraikitzen.

Zenbait balio irakasten dituzue.

Eskolako materialaren truke, auzolana egin behar dute uztailean eta abuztuan. Hala, ume bakoitzak bere herritik pasatzen den bide nagusia txukundu behar du. 6 urtetik aurrerako umeek bi edo hiru orduan egiten dute lan, heldu baten begiradapean. Eurendako ez da esfortzu handia; helburua da jasotzen dutenaren truke zerbait eskatzea; ez dela doan jakin dezaten. Nire ustez, hemendik bidaltzen den edozein laguntzaren truke derrigorrezkoa beharko litzateke kontrapartida.

Modu horretan motibagarria den  zeregina ere izango dute, ezta?

Bai, hala da, umeek eskola izateaz gain, badute aukera euren bizitzan beste zerbait egiteko ere. Ezer egin gabe geratzen bazara… ezer ere ez, hemen gertatzen den moduan!

Bekak lortzen ere laguntzen duzue.

Unibertsitatera eta eskola teknikoetara joateko beketarako diru laguntzak ere bidaltzen ditugu.

Kontzientziarik badago hemen?

Nik uste dut baietz. Antzuolarrek asko kolaboratzen dute, gainera, Anelkarrekin. Gazteak kontziente dira non jaio diren eta zelako zortea duten.

Ebola dela-eta, beldurrik sumatzen duzu Pande bailaran?

Orain dela bi aste ebola mota baten brotea hasi zen Kongo iparraldean. Ez da horren kutsakorra ebola mota hori eta badirudi kontrolpean dutela. Gu hego-ekialdean gaude, oso urrun. Gainera, tarteka, horrelako agerraldi edo broteak izaten dira Kongon. 

Udazkenean joatekoa zara berriro.

Urri erdialdera joan nahiko nuke berriro. Orain dator euri-sasoia eta ur-putzuak nola dauden ikusi nahiko nuke. Asmoa da beste bi putzu egitea ur-sarea zabaltzen jarraitzeko herrietan. Eta enpresa bat kontratatuko dugu  lan hori egiteko.

Ur-sarea eraikiz  Pande bailaran

Ur-sarea egiten ari dira. Horretarako, mendian egindako presa txiki batzuetatik ura eroan dute hiru herritara, hodi bidez. "Orain beste sistema bat bideratu gura dugu, eta herri handietan dauden enpresak kontratatuz ur-putzuak zulatu. Iaz, bi putzu finantzatzea lortu genuen Anelkarren laguntzarekin eta aurten beste bi egin gura ditugu", azaldu du Bittor Arbuluk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak