Trenbide zaharra konpondu dute auzolanean herritarrek

Maider Arregi 2014ko ira. 12a, 10:00

 
Aspaldidanik buruan bueltaka zuten Jon Arangurenek eta Eñaut Urtzelaik Kaxeta eta Iturriotz arteko trenbide zaharra txukundu eta oinezkoendako egokitzea. "Antzuolan ez dago pasioan ibiltzeko aukera askorik. Inguruotan aldapa besterik ez dago eta umeekin, korrika edo bizikletan ibiltzeko toki gutxi dugu Antzuolan. Horregatik, baba jan batean berotu ginen eta koadrila mailan hartutako iniziatiba izan da trenbide zaharra garbitzearena. Pixkanaka aurrera egin du gainera hasierako nahi horrek", dio Eñaut Urtzelaik.

Lehenengo lana terrenoa garbitzearena izan dute. "Sasiak eta belarrak kendu ditugu sasi-garbitzeko makinarekin. Tuneletan, aldiz, harriak zeunden. Makinak alokatu genituen horiek kentzeko eta terrenoa libratzeko", azaldu du Ion Arangurenek.


Baina, emaitzak ikusi ahala, hasierako proiektu xumeak, orain, beste dimentsio bat hartu duela kontatu dute: "Goizperrek diruz lagundu du gure proiektua. Horri esker, hiru tuneletan argiak jarriko dira. Argiak jartzeko zuloak eginda daude gainera. Asmoa da lurra bota aurretik, argiak ipintzea datozen egunetan. Gipuzkoako Diputazioak eta Udalak ere konpromisoa hartu dute proiektuaren dimentsioa ikusita. Hala, lurra ahalik eta leunen uzten saiatuko gara euren laguntzari esker", gaineratu dute.

Herritarrendako erabilgarri

Kilometro batzuk gehiagoa lautadan egiteko aukera dute aurrerantzean antzuolarrek.
Herritarrek gustura hartuko duten albistea izango dela uste dute Urtzelaik eta Arangurenek. "Beste lotura bat ematen du trenbide zaharraren ibilbideak. Urretxuraino edo Bergararainoko loturak ditu. Uste dugu bidea garbi egonda jendea animatuko dela erabiltzera. Bergararekin lotura zuzena dauka orain; etorkizunean Zumarragaraino bidea zabaltzea izango litzateke asmoa". Galartza, Uzarraga, Lizarra, Irimoi eta Basalde auzoetan barrena pasatzen da trenbide zaharra, herria zeharkatuz.

Jauregiko tunela urez

Lanik handiena Jauregiko tunelak eman diela diote Eñaut Urtzelaik eta Jon Arangurenek: "Guztiz itxita zegoen tunela; lurra bi aldetara zeukan erorita. Gure helburua hori libratzea izan da. Putzu handi bat ere bazegoen alderik alde; dena lokaztuta topatu genuen. Gainera, neguan egin genituen lanak, eta horri, eguraldi txarra ere gehitu behar zaio", kontatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak