Xinkona: gaztetxoen sormena eta gaitasuna lantzeko txoko aproposa

Maider Arregi 2014ko ira. 2a, 14:54

Alaitz Jauregi antzuolarrak garbi zeukan: umeenganako maitasuna ogibide bilakatu nahi zuen. Halaxe sortu zuen Xinkona orain dela hiru bat urte. Eskulanak egiteko txoko soil bat izatetik haratago doa egun. 

Etengabeko eboluzioa izan du Xinkonak, eta orain, sormena eta gaitasunak lantzen dira bertan. "Aurreko ikasturtea bukatzeko ekintza berri bat probatu nuen zenbait talderekin; emaitza oso aberatsa izan zen. Aurpegiak elkarri margotzen aritu ziren. Haurrei askotan margotu diegu aurpegia, baina elkarri sekula ere ez. Lorpenak eta ondorioak asko dira: konfiantza sendotzea, euren artean kontaktua edukitzea... oso ondo pasa genuen! Lortu zen konplizitatea benetan berezia izen zen, gainera", dio.

Masajeak elkarri

Xinkonan txoko berezia dute: belar artifizialez jantzitako txokoa, hain justu ere. "Haurrek elkarri masajeak ematea posible da txoko berriari esker. Umeak aztoratuta daudenean lasaitzeko balio du, gainera; teknika ikasi eta komunikazioa lantzeko aukera paregabea ere zabaltzen digu", kontatu du Alaitz Jauregik.

Gaitasunen arabera

Xinkonak ez duela txikien eta handien arteko bereizketarik egiten nabarmendu du Jauregik. "Eskulanak egiteko orduan denek denetarik egin dezaten saiatzen naiz. Eskulan berbera modu askotan moldatu behar izaten dute, baina ez adinaren arabera, norberaren gaitasunen arabera egin dezaten gura dut. Xinkonako helburuetako bat sormena lantzea da, eta ez artelan ikaragarriak egitea. Betiere, giro politean eta alaitasunean. Hau beti lortu izan dugula azpimarratu gura dut".

Balioak landu eta indartzeko

Xinkonako txoko berrian gauza asko lantzeko bidea dago: "Autoestimua, segurtasuna, konplizitatea, gaitasunak, sormena... egun haurrei hain gutxi baloratzen dizkiegun eta oso garrantzitsuak diren balioak lantzeko aukera daukagu Xinkonako txoko berrian", azpimarratu du Alaitz Jauregik. Joan den ikasturtean   proba egin ostean, ikasturte berrian abian jarriko dira.

Matrikulazioa zabalik

Xinkonak ikasturte berria abiatuko du aipatutako berrikuntza  guztiak praktikan jartzeko.
Hala, irailaren 8tik 20ra bitartean izena emateko aukera izango dute interesa duten antzuolarrek. Prezioa 45 euro da eta irailetik abendura arteko ikastaroa izango da. "Ikastaroak aurreko hiruhilekoan estreinatutako txoko berrian egingo dira. Oraingoan, hiruhileko luzea da: irailetik abendura artekoa".
Udazken eta negu sasoia oso aberatsa dela eskulanak egiteko dio. "Neguan beti egiten ditugu eskulan gehiago. Gusturago egoten gara barruan, eta, hotzagatik arropa gehiago janzten ditugunez, gauzak egiteko aukera asko zabaltzen da. Gainera, Gabonak gertu izateak ere asko laguntzen du".
Denetariko eskulanak egingo dira ikasturte berrian ere. Bai lehengo ohiturei eusten dietenak: joskintza, puntua eta horren modan dagoen kakorratz-lana. Eta nola ez, egungo material berriekin egindako eskulanak egiteko aukera ere egongo da. Azken horiek arrakasta dute  eta gaztetxoei ilusioa egiten diela dio Alaitz Jauregik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak