EHBilduk aurkeztutako Euskal kutxen etorkizunari buruzko mozioak eragin zuen eztabaida nagusia. EAJ alderdiko bi zinegotziek aurkako botoa eman zuten. Izan ere, Maria Eugenia Arrizabalagak, mozioak proposatutako hainbat neurri legearen aurkakoak direla azaldu zuen. Eta legea bete beharraren ondorioz, Kutxa fundazioa bilakatzearen beharra azpimarratu zuen. "Kutxa ez bada fundazio bilakatzen, legeak esaten duena da desegin egin dezaketela. Gure finantza erakunde garrantzitsuenaren erabateko kontrola galduko genuke gainera gipuzkoarrok", azaldu du.
Ima Beristain alkateak aldiz, ez dela herriaren interesa bultzatzeko erabakia adierazi zuen. "Erabakita dute kudeaketa lanak egiteko hamabost lagunek osatutako patronatua zein izango den. Aldundia eta Udalak ordezkatuko dituztenak aldiz, hiru lagun dira. Hala patronatuaren erabaki adostuen aurrean lan egitea zaila izango da. Ez dut uste herriaren interesa bultzatzeko hartutako erabakia izan denik", nabarmendu zuen alkateak.
Presoen sakabanaketa
Euskal presoen sakabanaketa politikari buruzko mozioa ere ez zen aho batez onartu. Jeltzaleak abstenitu egin ziren. "Ezohiko espetxeetako neurrien kontra gaude, baina mozioan jendea elkarretaratze eta manifestazioetara deitzen da", argudiatu zuen Arrizabalagak. "Udalak herritarrak mobilizazioetara deitzea garrantzitsua dela uste dugu", esan zuen Beristainek.
Aho batez onartuak
Adostasun osoz onartu ziren ESAITek, Euskal selekzioak ofizialki nazioarteko txapelketetan gainerako selekzioen baldintza beretan lehiatu dezan aldarrikatzen duen mozioa.
Zortzi aldeko boto jaso zituen ere, Eguzki auzoko eta Beheko auzoko garajeen mantenurako hitzarmen proposamenak. Izan ere, auzo horietako garajeen erabilera arauak eguneratu beharra zeudela kontatu zuen alkateak.