Belen Azkarate: "Aniztasun handia dugu gaur gure artean, eta denak integratu behar ditugu ipuinetan"

Julen Iriondo 2014ko eka. 2a, 10:54

Belen Azkarate, Antzuolan.
Sexu bereko pertsonez osatutako bikoteei dagokienez, lege aldetik babestuago daudela dio, baina gizarteak lan handia duela oraindik.

Hasteko, baina: bake epaile zara.

Ia urtebete daramat. Dena erregistro zibilean egin beharrean edo Bergarako epaitegian, herri txikietan bake epaitegian umeak erregistratzen dira, edo norbait hiltzen denean liburuetan jaso... Bake epailea behar da horiek sinatzeko. Bestetik, bi herritarren edo bi alderen artean arazoren bat baldin badago, epaitegira joan aurretik, konpontzera bidean, adiskidetze saioak ere badira bake epailearen egitekoa. Gero, ezkontzak ere egiten ditut. Badaude batzuk zer handirik gabe ezkondu nahi dutenak, eta ostegunetan izaten da. Ostegunetan joaten naiz epaitegira, eta idazkaria ere orduan egoten da; hemen ostegunetan zabaltzen da bakarrik. Ezkondu nahi duenak, joan, irakurtzen ditut lau artikulu horiek eta paperak sinatu.

Asko ezkondu dituzu?

Ba, hamar bat bai. Esaten dit idazkariak orain arte ez dela izan hainbeste ezkontza, baina bat-batean mordo bat.

Bestalde, militante izan omen zara; gizarte arloan? Politikan?

Herriko kontuetan; politikan, ia batere ez. Dantza taldean, euskarako taldean, auzoko jaietako batzordean...

Eta jarraitzen duzu?

Orain erabat utzita daukat. Eta agian ez nago errealitatea epaitzeko egoera onenean, ze umeak eduki eta gero beste mundu baten sartzen zara-eta, baina orain nahikoa baxu ikusten dut, eta pena gehien horrek ematen dit. Jende asko erreta dago, eta ez dago mugimendurik: batzuek ez badute egiten, ez da egiten! Eta egiten ez bada, egiten ohi zuen horrek sufritzen du gehien, jende askori berdin izaten dio. Borroka bat egoten da hor. Orain esaten dute badatorrela bueltan, eta egia da gaztetxean-eta asko ari direla mugitzen, eta niri horrek ilusio handia egiten dit.

Bestela, zertan ikusten duzu, ba, jaitsiera?

Urtero egiten diren gauzak errutina bihurtu dira. Bilera bat egiten da aurreko urtean zer egin zen ikusteko eta berdina egiteko. Ba niri horrek ez dit balio; egin behar da hobetzen joan, gauzak aldatu. Ze berdina eginda, bizpahiru urtean funtziona dezake-eta, baina zortzigarrenean da aspergarria. Alardearekin-eta ikusten da mugimendua, egon dira aldaketa handiak eta jende bat badago inplikatuta. Baina pena handia ematen dit nik bizi izan dudan Antzuola eta oraingoa ikusteak. Jaietan ere: dirua, eta kontratatu; dirurik ez badago, ez da ezer egiten. Ba, dantza taldea eta txistu taldea daudelako, eta hauek egiten dituzte gauzak, Aratusteetan-eta, bestela...

Ipuin kontalari ere jarduten duzu.

Beti gustatu izan zait asko, eta Virginia Imazek animatuta hasi nintzen. Oihulari Clowneko kolaboratzaile moduan, euskaraz zerbait dutenean, sarri egiten dut. Umeei eta helduei kontatzen dizkiet. Pentsatu ohi dugu, hasiera batean, errazagoa dela umeei kontatzea, baina ez da egia, ze nagusiok gehiago gordetzen dugu-eta errespetua.

Ipuinetan aukeraketa ere egin beharko da, ze izango dira-eta berdintasunari dagokionez mezu egokiak ez dituztenak ere.

Bai. Neu joaten naiz desberdintasunak-eta tratatzen dituzten ipuinen bila. Horrelako aniztasuna dugu gaur gure artean, denak integratu behar ditugula hor, ipuinetan. Saioetan egon daitezke bi beltz, txinatar bat, familia homoparentaletako umeak, gurasoak bananduta dituztenak... Hori lantzen saiatzen naiz, eta lan handia egin daiteke. Eta egia da, zentzu honetan, adibidez, Antzuolako eskolan lan handia egiten dutela. Esaterako, behin eskatu zieten umeei marrazki bat egitea Afrikako familia batena, eta hiru umek egin zituzten bi amako familiak. Ze ederki!

Berdintasunaren alde lanean jarraitu behar, dena den.

Garbi dago gizartean aldaketa nahi badugu geuk bultzatu behar dugula. Hasieran ez genuen aurpegirik ematen, gure umeak babesteko; baina bai, geuk eman behar dugu aurpegia.   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak