Laboa eta Txillardegi, Oier Peñagarikanoren eskutik

Maider Arregi 2014ko mai. 30a, 09:48

'Semaforo Ink: zure irudia Donostiako kaleetan' lehiaketara aurkeztutako lanen artean aukeratu dute Oier Peñagarikanoren lana. Hala, hiriko semaforoak kontrolatzen dituzten koadro elektrikoetako batek, Laboa eta Txilardegiren irudia darama zapatuaz geroztik. "Lagun batek Donostia 2016 eta Gaztezuloren artean burututako 'Semaforo ink' proposamenaren berri eman zidan, aukera polita iruditu zitzaidan, diseinua prestatu eta bidali egin nuen", dio Peñagarikanok. Kalitate bisualari eta mezuari eman nahi izan diola indarra azpimarratu du. Plantilak, 'Stencil' teknika erabiliz egin ditu.

Zelako esperientzia izan da?

Esperientzia oso polita izan da, Donostian egunez eta denborarekin margotzea ikaragarrizko plazerra izan zen. Eguraldiaren beldur ginen baina azkenean sortez eguraldiak eutsi zion eta lasai margotzeko aukera izan genuen. Gogoratzeko moduko esperientzia izan da. Ea zenbat irauten duen orain lanak bere lekuan.

Zelatan animatu zinen?

Lagun batek Donostia 2016 eta Gaztezuloren artean burututako Semaforo ink proposamenaren berri eman zidan, aukera polita iruditu zitzaidan, diseinua prestatu eta bidali egin nuen.

Espero zenuen?

Egia esan esperantza banuen, uste dut 20 espazio eskaini zituztela eta horien artean egoteko aukerak ikusten nituen. Lana prestatu nuen momentuan kalitatea bisualari eta mezuari eman nahi izan nion indarra.

Zergatik laboa eta Txillardegi    

Lanaren izenak, Nortasuna(k), dioen bezala, Laboa zein Txillardegi herri honen nortasunaren parte dira. Eta biak Donostiarrak izanik aukera polita iruditu zitzaidan beraiei omenaldi xume bat egin eta Euskal Herrian ikono diren bi pertsonaia hauei hiriburu kulturaren baitan gutxieneko presentzia bat eskaintzea.  Sinple baina zuzena izatea nahi nuen, polita izateaz gain, mezua izatea garrantzitsua iruditze zitzaidan, lanak ikuslearekin ez badu konektatzen ez badio ezer esaten, zerbaitek huts egiten du. Txillardegiren mezua zuzena da; argia eta gure identitatea markatzen duena, euskaldunon indentitatearen inguruko hausnarketa ederrenetarikoa iruditzen zait. Laboaren esaldia ordea ez da horren zuzena. "...eta nik txoria nuen maite". Bakoitzak bere irakurketa egin lezake. Askatasunaren edo bizitza bizitzeko moduen ingurukoa adibidez. Autoko ilaran semaforoa berde jartzeko zain dagoen pertsona horri pentsamenduko 10 segundo hartzen badizkio nahikoa da niretzat.

Ze teknika eta material erabili dituzu?

Aurrez kutxaren neurriak pasa zizkidaten eta diseinua neurri horien arabera egindako da. Lan handiena etxean aurrez egindakoa da. Diseinua zatika inprimatu, itsatsi eta bisturi batekin kolore bakoitzari dagozkion hutsuneak moztea nahiko luze joan zitzaidan, egia esan diseinua egin nuenean ez nuen espero horren luze joango zitzaidanik. Uste dut guztira 16 ordu inguruko lana izan dela. Behin kartulina guztiak moztuta spray-arein kapaz kapa koloreak margotzean datza. Teknika honi euskaraz Txantilloi deitzen zaio baina ezagunagoa da ingelesezko stencil izenarekin. Onartu beharra daukat laguntza jaso dudala plantillak muntatzeko eta margotzeko orduan ere, bestela ez dakit egunerako amaituko nukeen.

Ze azpimarratuko zenuke?

Sarri horrelako ekimenetan kale sorkuntza eta artea erakuslehio gisa erabiltzen dira baina gero egunerokotasunean guztiz mugatua eta zigortuta dagoen gauza bat da. Sorkuntza eta artea museo eta erakusketetara mugatzen da eta nik uste dut sorkuntza kalean bertan egon beharreko zerbait dela, zerbait bizia izan behar duena, dinamikoa eta efimeroa. Denok baitugu sortzeko eta adierazteko gaitasuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak