AISA harrera-ikastaroekin oso gustura dihardute etorkinek euskara ikasten

Maider Arregi 2014ko api. 9a, 12:09
Jatorri ugariko ikasleak dihardute AISA ikastaroan. "Maroko, Pakistan, Algeria, Bolivia, Errumania, Argentina, Senegal eta Nepal, bakoitza bere hizkuntzekin, erlijio eta ohiturekin. Aisa programak ikasleek beraien kultura eta hizkuntza ikaskideekin partekatzea ahalbidetzen du eta esan behar dut oso aberasgarria dela", kontatu digu Maite Agirre irakasleak. "Aukera ederra da eta animatuko nituzke euskarara hurbildu nahi duten guztiak". "Hasierako perzepzioa euskara ikastea zaila dela izan arren, gero konturatzen dira eskolak hartu hala, erraza egiten zaiela. Euskara ikasi eta erabili nahi dute. Herritarrei eskatu nahi diet beraiengana euskaraz zuzentzeko pazientziaz", dio. Eskolak hartzea gogoz hartu dute; hala Udalak, uztailera arte luzatu du ikastaroa. Maite Agirre, Debagoieneko AEK euskaltegiko irakasle antzuolarrari egindako elkarrizketa jarraian:

Zer  helburu du AISA ikastaroak? zertan datza?

AISA harrera-ikastaroen xedea da etorkinak euskara ikastera bultzatzea. Helburu horrekin, 2004tik AISA harrera-ikastaro linguistikoak antolatu dira hainbat tokitan. Harrera-ikastaro horiek Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren etorkinentzat diseinatu dira bereziki; ikastaro horietan berariaz sortutako ikasmaterialak erabiltzen dira: AISA ikasmaterialen bilduma alegia.

Ikasleek zein harrera dute?

Oso ona, guztiek euskara ikasi eta erabili nahi dute. Euskara ikastea beste hizkuntza batzuk ikastea baino zailagoa dela gizarteak oso barneratuta du, eta eskolak jaso ahala poliki-poliki aurrera pausuak ematen dituztela jabetzen dira eta horrek ikasten jarraitzera motibatzen ditu, gehiago nahi dute, bizkor ikasi kalean herritarrek diotena ulertzeko, bizilagunekin hitz egiteko, seme-alabekin hitz egin eta batzuen kasuan etxeko lanekin errazago lagundu ahal izateko edo gazteenen kasuan, herriko gazteekin harremantzeko. Gogoa izatea oso garrantzitsua da ikasten jarraitzeko eta  ikastaro honekin hizkuntza bera ikasteaz aparte motibazio hori piztea dugu helburu. Baina hizkuntza baten ikasketa prozesuan erabilera ezinbestekoa da, hasiera maila honetan oraindik esaldi oso sinpleak eta elkarrizketa laburrak egiteko gaitasuna dabiltza lortzen baina ikasitakoa praktikara eramatea beharrezkoa da, egunerokotasunean, erosketak egiterakoan, jendea agurtzerakoan... Aukera hau baliatu nahi nuke herritarrei beraien laguntza eskatzeko eta ikasketa prozesu honen parte izateko, nola? daukaten maila zein den kontutan izanda gehiegi ere eskatu gabe baina beti beraiengana euskaraz zuzenduz, beraiek lehen hitza euskaraz egiten badigute euskaraz erantzunda eta errepikatu beharra badago ba pazientzi izan eta errepikatuz edo polikiago hitz eginez adibidez.

Ze motatako ikasleak dituzu?

Nahasketa hitza erabiliko nuke taldea deskribatzeko. Adinari dagokionean 24 urte ditu gazteenak eta 51 zaharrenak. gehienak gizonezkoak, emakume bakarra. Jatorri ugarikoak dira ikasleak, Maroko, Pakistan,  Algeria, Bolivia, Errumania, Argentina, Senegal eta Nepal, bakoitza bere hizkuntzekin, erlijio eta ohiturekin. Aisa programak ikasleek beraien  kultura eta hizkuntza ikaskideekin partekatzea ahalbidetzen du eta esan behar dut oso aberasgarria dela.

Laster Auzoko programa ere jarriko da martxan Antzuolan. Egitasmoaren helburua  euskaratik urrun bizi direnak euskara hurbiltzea da, hurbiltze honetarako tresnak eta baliabideak eskainiz. Aurrera begira programan parte hartzen dutenek orain talde hau osatzen dutenek egin duten antzera euskara ikasterako jauzia egitea pozgarria litzateke.

Ikastaroan bada aukera izena emateko?

Bai bada aukera, baina kontutan izan behar da lehen ikastaro baten jarraipena dela. Halere aukera ederra da eta animatuko nituzke euskara hurbildu nahi duten guztiak.

Noiz arteko ikastaroak dira?

Lehen ikastaroa 60 ordukoa izan da. Ikusita eskoletara etortzea serio hartu dutela eta gogoz aritu direla,  jarraitu nahi zuten galdetu zitzaien, guztien erantzuna baiezkoa izan zen eta bigarren zati bat ematea erabaki zuen Antzuolako Udalak. Bigarren zati hau beste 60 ordukoa izango da  hau hemendik eta uztaila bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak