Nondik datorkizu bertsoetarako zaletasuna?
Gurasoak eta bi anaiak bertsozaleak dira oso. Beraz, bertsoak betidanik entzun ditugu etxean. Aspalditik gustatzen zaidala esango nuke. Hasiera batean parrandetan abesten nuen, baina gaur egun serioago hartzen dut.
Nola ikasi duzu bertsotan egiten?
Etxean daukagun zaletasun hori dela eta, bertso asko entzuteak berak asko laguntzen du. Taldearekin hasi aurretik moldatzen nintzen zertxobait, baina Gabiriako lagunekin ikasi dut, gehienbat.
Entseatu egiten duzu, beraz.
Entseatu baino gehiago, bertsotan egin egiten dut, orain arte ez baitut izan entseatzeko beharrik. Hala ere, denbora edo lagun falta dela eta, nahi baino gutxiagotan egiten dut bertsotan.
Nolakoa da bertso bat bota aurreko unea?
Burua estutzeko unea da. Batzuetan, azkar etortzen dira ideiak eta laster osatzen da bertsoa. Beste batzuetan, berriz, kosta egiten da, eta hor oreka aurkitu beharra dago: zenbateraino pentsatu eta pentsatzen zenbat denbora pasatzearen artean. Gainera, norberak denboraren pertzepzio bat izan ohi du eta entzuleak beste bat.
Eta kantuan zaudenekoa?
Aurretik lantzeko izan duzun aukeraren araberakoa da. Nahiko denbora hartu baduzu, pare bat puntu ikasita eta oinak pentsatuta, nahiko erraz osatzen da. Ia erabat inprobisatzen denean gehiago kostatzen da, noski. Bertsoan zehar, hala ere, bukaera ahaztea izan ohi da hanka sartzerik handiena.
Zer moduz joan zen bailarako bertsolari gazteen saioa Bergaran?
Nik ederki pasatu nuen, nahiz eta uneren batean saioa pixka bat motel zihoan sentsazioa izan nuen. Dena den, entzuten egon zirenak oso gustura egon omen ziren. Eskerrak eman nahi dizkiot Bergarako Ernairi saioagatik, saioaren helburuengatik eta ni gonbidatu izanagatik.
Txalo gehien jaso zenituenez, zuk irabazi zenuen, ezta?
Irabazi nuenik ezin izango da esan, ni baino itxura hobea eman zuenik izan baitzen. Lagun dezente hurbildu ziren saiora, eta badakigu gaizki kantatuta ere txaloak jotzen dituztela.
Beste txapelketaren batean ere hartu duzu parte.
Bai; Osinalde txapelketan bi aldiz egon naiz. Orain dela urtebete lehenengo aldiz, eta pasa den zapatuan bigarren aldiz. Ederki antolatuta dago, afari giroan egiten da bertso saioa eta gustura aritzen da bat.
Nola ikusten duzu bertsolaritzaren egoera zure inguruan?
Bailaran, esaterako, ikuspegi makro batetik ikusita, ez dago punta-puntan dabilen debagoiendarrik, oker ez banago, behintzat. Antzuolari dagokionez, zaletasun handirik ez dagoela esango nuke. Baina Euskal Herrian, aldiz, bertsolaritzak geroz eta jarraitzaile gehiago dituela esango nuke. Gazteak asko hurbiltzen ari diren sentsazioa daukat.
Zer eskaintzen dio bertsolaritzak euskal gizarteari?
Jolasa izatetik harago, garrantzi handia du bertsolaritzak. Bertsoa euskaraz egiten da, eta euskalduna denak bakarrik ulertu eta egin dezake. Horrek prestigioa ematen dio gure hizkuntzari. Euskaraz ondo pasatu, txantxak egin eta adarra jo daitekeela erakusten digu bertsolaritzak.
Bertsolaritza etorkizuneko lan moduan ikusten duzu?
Egia esan, ez dut horretan pentsatzen. Izan ere, ez daukat aukera hori planteatzeko adina bertsotarako gaitasun.