Trafikoan eragozpenak izango dira mendi lasterketa dela eta

Ane Miren Etxeberria 2014ko ots. 14a, 12:37

Iazko lasterketan, korrikalariak irteerako momentuan
Domekan Antzuolako 8 miliak mendi lasterketaren bigarren edizioa ospatuko da herrian. Iaz bezala, 200 korrikalarik baino gehiagok hartuko dute parte lasterketan eta horretaz gain, jende asko hurbilduko da herrira zein ibilbideko txoko desberdinetara. Hori dela eta, eragozpenak izango dira trafikoan.

Udaletik bando bidez adierazi dutenaren arabera "260 korrikalari inguru espero dira eta kirol festaz gozatzera hurbilduko diren beste horrenbeste lagun. Mendi eta umeen lasterketak arazorik gabe burutzeko asmoz, mesedez plazan kotxea ez aparkatzea eskatzen dizuegu" eskatu du Kirol zinegotzi Aritz Saidik.

Ez da trafiko mozketarik egingo baina igande goizean zehar eragozpen ezberdinak eman daitezke, "zuen ulermenagatik gure eskerrik beroena luzatu nahi dizuegu eta aldez aurretik barkamena eskatu oztopoengatik" adierazi du Saidik.  Ekintza herrikoia izatea ere nahi dutela adierazi dute Udaletik "ekintza herrikoia antolatu nahi izan dugu eta bertan guztiok partaide bilakatu. Berdin dio korrikalari, animatzaile edo ikusle zareten…Animatu eta gerturatu zaitezte plaza ingurura, eskolako patio estalira edo mendiko ibilbideko punturen batera, Boton, Irimo, Trekutz...". Lasterketa 10:30tan hasiko da, baina korrikalariak aurretik izango dira herrian, beraz, goizean goizetik izango da giro.

Aparkalekuak eta dutxak

Aparkaleku eta dutxei dagokionez, korrikalariek puntu desberdinak izango dituzte erabilgarri. Hala, kotxea lagatzerako orduan, Deskarga aldetik datozenei, Balzers Oerlikon eta Goizper enpresen aparkalekua erabiltzea eskatzen zaie. Bergara aldetik datozenei aldiz, Matz -Errekako aparkalekua erabiltzea eskatzen zaie.

Dutxen harira, bi gune prestatu dira 260 korrikalariek probaren ostean merezitako dutxa beroa har dezaten: alde batetik, Udal piloalekua eta bestetik, Udal gimnasioa. Lehena, hau da pilotalekua, emakumezkoentzako prestatua egongo da eta gimnasioa gizonezkoentzako. Banaketa hau egitearen arrazoia, "aldagelak kolapsatu ez daitezen eta guztiek ur beroa izan dezazuen ziurtatzea da besterik ez" adierazi dute Udaletik. Dortsalei dagokionez, Olaranen banatuko dituzte.

Lasterketa 13:00etan amaituko dela aurreikusten da. Bien bitartean, herriko txikienak aspertu ez daitezen, plastikozko motorrekin egingo dute lasterketa, plazan, 11:00tatik aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak