Haurrak gaizki elikatzen ditugu?
Gaizki hitza agian ez da egokiena. Eta gai batzuetan orokortzea ere ez da egokia. Baina bai sumatzen da, gaur egun umeen elikaduran, badaudela akatsak. Batzuetan larriagoak eta bestetan ez horrenbeste. Nork onartu nahi du bere umea, ez duela ondo elikatzen?
Zein da dieta aproposena?
Ahalik eta gutxien manipulatutako jakiak erabiltzea komeni da. Beraz, bertako eta garaiko jakiak erabili eta etxean sukaldatu, 4, 5 edo 6 jatordutan banatuak. Barazkiak, frutak, lekaleak eta zereal integraletan oinarritutako elikadura. Ez ahaztu, fruitu lehorrak ( frijitu gabeak) eta koipe gutxiko esnekiak. Animalia jatorrizko jakiak gutxitu, gehiegi jaten ditugu azken aldian...
Kantitateak ere zalantzak sortzen ditu, zein da kopuru onena?
Kopurua konkretu batzuk ematea zaila da orokorrean. Ume bakoitzak oso behar desberdinak izan ditzake... Askotan, jatorduak eramanezinak bihurtzen dira guraso askorentzat, zer gomendatuko zeniekete? Pazientzia, eredu izatea (umeei barazkiak ipini eta gu arroza jateak ez du balio), umore ona eta eurak txikiak zireneko garaiak gogoratzea. Batzuen ustez, inoiz ez da derrigortu behar. Baina noski plater bat ez badu jaten (goserik ez duelako, gustuko ez duelako,...) ez da komeni beste zerbait eskaintzea horren ordez. Behin jaten ez badu ez zaio ezer gertatuko. Gero agian badira beste kasu batzuk gurasoek esaten dutena: "ez du deus jaten" hori horrela den konprobatu behar da eta horrela bada irtenbiderik egokiena bilatu.
Haur askok jangelan bazkaltzen dute, nola uztartu daiteke etxeko janarekin?
Jangelan normalean, beti hilabete osoko plangintza ematen diete gurasoei. Aste osoko plangintza zein den begiratu eta horren arabera afaritako menuak prestatu. Komenigarria da aste osoko menua pentsatua izatea. Bestela azken momentuan etxera heldu eta afaria pentsatu eta prestatzen hasi behar badugu, normalean errezenera joko dugu, aurrez prestatuko janarietara. Eta hauek gure egunerokotasunean ekiditu behar ditugu.
Eta gozokiak noiz?
Nire iritzia horretan oso zorrotza da. Eta agian jende gehienak ez du ulertuko, baina uste dut ez zaiela eman behar. Egia da bizi garen gizarte honetan hori oso zaila dela. Baina guk, guraso bezala, ez diegu gozokirik eman behar eta ematen badiegu, ahalik litxarkeria gutxien ematen saiatuko gara.