"Ikuspegia zabaltzeko aukera" eman die elkarbizitza planak herritarrei

Iure Eizagirre 2013ko abe. 18a, 11:07

Hogei pertsona inguru batu ziren elkarbizitza prozesuko atzoko bileran.
Azken hilabeteetan hainbat talde eragiletan landu dute elkarbizitza plana eta atzo horietako bakoitzean ateratako ondorioak aurkeztu zituzten Olaran etxean. Lau bilera egin dituzte guztira eta bakoitzean gai jakin bat izan dute hausnarketarako: lehen fasean sakondutako gaiak, harrera, euskara eta kulturartekotasuna.

Elkarbizitza prozesuaren lehen faseko gogoetak abiapuntutzat hartuta, herrira heltzen den jendeari harrera egokia egitea garrantzitsua dela ondorioztatu dute. Horretarako erroldatzeko garaian herrian dauden zerbitzuez, ohiturez eta balioez informatu beharko litzatekeela uste dute elkarbizitza planean parte hartu dutenek.

Euskarari dagokionez, garrantzitsutzat jo dute harremanetan lehen hitza euskara izatea eta herritarrek euren hizkuntza mantentzea, baina ikasten ari direnekin pazientzia izatea eskatu dute. Bestalde, uste dute kulturek elkar aberasten dutela jabetu beharra dagoela eta ezinbestekoa dela beste kulturak ezagutzea. Elkarren arteko ezberdintasunetan baino, berdintasunetan oinarritzeko beharra azpimarratu dute.

Prozesu positiboa

Hogei pertsona inguru izan ziren atzoko aurkezpenean eta talde eragileetan aritu direnen ahotik entzun zituzten prozesutik ateratako ondorioak. Prozesu positiboa izan dela eta "ideia ezberdinak batu eta ikuspegia zabaltzeko" balio izan diela adierazi zuten. Hala ere, arlo ezberdinak lantzeko garaian hiru galdera geratu ziren erantzuteke: nola, nork eta noiz landu elkarbizitzarako aurrerapauso izango diren ekintzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak