Eskolako lehen mailetako bi talde aurrefabrikatuetan daude

Iure Eizagirre 2013ko urr. 28a, 17:33

Herri Eskolak oraingoz eman dio amaiera azken urteetan arazo bihurtu den leku faltari. Urtetik urtera ikasle gehiago daude zentroan eta duela pare bat urte egin zuten eskola handitzeko eskaria Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean.

Proiektua onartuta badago ere, oraindik itxaron egin beharko da eta momentuz eskolako atzealdean jarritako bi gela aurrefabrikaturekin egin beharko dute aurrera.

Uda hasieran jarri ziren martxan gela aurrefabrikatuak egokitzeko lanak eta Pilar Etxaniz eskolako zuzendariak adierazi duenez, "batez ere oinarria egin zuten, obra zibila". Abuztuan obrak geldirik egon ziren eta irailean, klaseak hasi ostean, ekin zieten berriro lanei.

Duela bi aste amaitu zituzten egokitze-lanak eta beharrezko altzariak eta materiala hara eraman ondoren, egun Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako talde bana dago gela aurrefabrikatuetan. Guztira, 31 ikasle dira.

Obra zibila Udalak

Uztailaren hasieran bildu ziren Herri Eskolako, Udaleko eta Pausoka guraso elkarteko ordezkariak Hezkuntzako ordezkaritzarekin. "Hezkuntza Sailak ez zuela dirurik eta ezin zuela obra guztia bere gain hartu esan zigun", azaldu du Etxanizek. Antzuolako Udalak, orduan, bere gain hartu zuen obraren zati bat. Eta kostuak kontuan izanda, hasierako proiektu hark ez zuen aurrefabrikatuek komunik izaterik aurreikusten. 

"Ikasturtea hasi zenean gurasoek eta irakasleek esan ziguten komunak beharrezkoak zirela", dio Inma Beristain alkateak. Hezkuntzako ordezkaritzarekin hitz egin eta bi gelako moduluaren pasilloan komunak jartzea erabaki zuten. "Komunak Hezkuntzak ipini ditu baina obra zibila -ura bideratzea eta estolderiak egokitzea- Udalak egin du".
Horrez gain, argiteria Sagasti kaleko lineari lotzea eta aurrefabrikatuak behar bezala kokatzeko eremua egokitzeko lanak bere gain hartu ditu Udalak. "Guztira 36.000 euro inguru kostatu dira lanak eta Hezkuntza Sailak 13.000 euro jarri ditu".

Datozen urteetan gehiago

Lehen aurrefabrikatuak dira hauek baina egoera ikusita, aurrerago gehiago jarri beharko dituztela aurreikusten dute: "Aginduta dugu eskola handitzea baina ikusi beharko da gauzak nola dauden. Eta bitartean egingo dira aurrefabrikatu gehiago".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak