Euskara ikastaroetan bi talde daude ikasturte honetan

Iure Eizagirre 2013ko urr. 14a, 14:48

Gustura daude ikasturte berri honetan herrian euskara ikastaroez arduratzen direnak, izan ere, jende askok erakutsi du euskararekiko interesa. Eta horietako 16k hizkuntza ikasteko saioetan eman dute izena.

Ikasle kopurua kontuan hartuta eta euren ulermen mailan oinarrituta, bi talde osatu dituzte. Olaia Murua Debagoieneko AEKko kidea da bi taldeetako irakaslea eta berak azaldu du hauen arteko ezberdintasuna: "Batzuek maila altuxeagoa dute, hau da, dena ulertzen dute eta hitz egiten hasi dira. Maila baxuagokoek, zerbait ulertzen dute eta hitz batzuk esan ditzakete".

Lehenengoak astelehen eta eguaztenetan batzen dira eta bigarrenak martitzen eta eguenetan. Denek dute ordutegi bera: 18:00etatik 20:30era.

Aste honetan hasi dira klaseak Olaran etxean eta Muruak aitortu duenez, aste hasieran jende gutxi ibili da. Hala ere, gustura dago euskara ikasteko deialdiak ikasturte berrian izandako erantzunarekin: "Poztekoa da Antzuolan bi talde ateratzea, herria hain euskalduna izanda, bertoko bizitzan integratzeko modu bat baita". Gainera, Antzuolako Udalak finantzatutako eskolak dira.

Erabiltzeko ikasi

Euskara ikasle bakoitzak helburu bat izan ohi du hizkuntza ikasten hasteko garaian eta askotan horrek eragina du irakaslearen erakusteko moduan. "Euskara praktikoa ikastea izango da saio hauen helburua, hau da, egunerokotasunean sortzen diren egoeretan erabiltzen den euskara ikastea. Eta beti ere eskolan ikasten dutena kalean erabilgarri izatea daukagu helburu moduan", argitu du Muruak.

Beraz, posible da aurrerantzean oraindik euskaraz txukun egin ez arren, ahaleginetan dabiltzan herritarrekin topo egitea Antzuolan zehar. Muruak adierazi duenez, herri guztia inplikatu nahi dute euskararen ikaste-prozesuan, beraz, euren ikasleak saioetan landutakoa praktikan jartzeko eskatzeaz gain, antzuolarrak eurei euskaraz egitera animatu ditu, baina pazientzia pixka batekin, ikasten dabiltzala gogoratuta beti.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak