Gaztetxetik herria piztera

Iure Eizagirre 2013ko urr. 4a, 12:00

Eguaztenean ziren hastekoak Antzuolako Gaztetxean lehen urteurreneko ekitaldiak. Garai bateko kontuak ezagutzeko, jubilatuekin afari-merienda zuten aurreikusita, jubilatuei baina, azken orduko betebehar bat sortu zitzaien eta bertan behera utzi behar izan zuten ekintza.

Gauzak nahi bezala ez ahazteak ez zizkien indarrak kendu eta atzo pintxo-poteoa eta herriko jendearekin ipuin kontaketa musikatua egin zituzten gaztetxean bertan.

Gaur eta bihar pilatuko dira  'Urteaurrena' izendatu dutenaren ekintzarik gehienak: afaria eta bazkaria, jolasak, musika emanaldi ezberdinak… Eta denek izango dituzte herritarrak eta kalean giroa jartzea oinarri.

Izan ere, Gaztetxea garai batean anbulatorioa zegoen eraikinera lekualdatu zen iaz eta ordutik eskutik joan dira herritarrak eta gazteak. Ion Lizarazu gaztetxeko kidea da eta eraikin berriak gazteengan eta herrian ilusioa eragin duela aitortzen du: “Gaztetxearen martxari buelta berri bat eman eta jende ezberdin askoren artean herriari beste ‘txispa’ bat ematen saiatu gara”. Hortik, agian, urteurrenerako antolatutako programaren leloa: Urtebete herrixa pizten!

Lan egiteko modu berria

Egungo eraikinera joateak beste aldaketa bat ere ekarri zuen: Gaztetxea lantaldetan hasi zen lanean. Sei talde dituzte eguneroko funtzionamendu egokia bermatzeko: mantentze, komunikazio, elkartruke, parte-hartze, diruzaintza eta ikus-entzunezko taldeak. Horietako bakoitzak lan desberdinak ditu eta bere arloa lantzen du, “sekula osotasuna ahaztu gabe”. Lizarazuk aipatu duenez, lan taldeak ez daude itxita eta hobekuntzak proposatu nahi dituenak zabalik ditu Gaztetxeko ateak arratsaldero 17:00etatik aurrera. Orain, urtebete honetako balorazio positiboa egin ostean, lan taldeak berriro osatzeko asmoa dute eta apuntatzeko aukera irekita dago: “Ez dago esperientzia edota jakituria berezien beharrik, ikasteko eta aurrera egiteko motibazioa bakarrik behar da”.

Lan egiteko modu horri esker, ekintza ezberdin eta orotarikoak egitea lortu dute eta Gaztetxeko kideak gustura daude eskainitako aniztasun mailarekin. Zentzu horretan, “kontzertuetatik harago, tailer, antzerki, ipuin eta bertsoak izan dira urte honetan gure egitarauan”, adierazi du Lizarazuk. Horren adibidetako batzuk dira joan den astean egindako Badira, Bagara dokumentalaren aurkezpena, Iraunkortasun Astearen barruan egindako bigarren eskuko arropen azoka edo joste-tailerra edo uztaileko jaiak bukatu eta astebetera hainbat herritarrekin batera egin zuten erreka garbiketa.

Aspaldiko proiektua

Urte batzuk pasa dira Udalak gazteei eurek kudeatzeko gune bat utzi zienetik. Kalebarrengo lokal batean egon ziren denbora batez eta 2009 inguruan gune egokiagoaren beharra sortu zen. Anbulatorioa Torresoroara eramatean, horretarako aukera ikusi eta 2010eko udal aurrekontuetan Gaztetxe berria egokitzeko diru kopuru bat aurreikusi zen. Langile profesionalek egin zituzten lan batzuk baina gazteek ere lagundu zuten egokitzapenean.

Azken orduko aldaketak programan

Bihar izango dute Urteuarreneko ospakizun egun handia, baina aste honetan Herrirako kideak atxilotu izanak hasierako planak aldarazi ditu. Arratsaldeko 16:00etan autobusa abiatuko da Bilboko manifestaziora, beraz, bazkaria aurreratu egin dute eta 13:00etan izango da. Manifestaziotik itzultzean, aurreikusitako egitarauarekin jarraituko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak