Jose Angel Zabalo: "Uste dut herria ez dela damutzen kultur egitura berritu eta Torresoroa balioanitza egin izanaz"

Iure Eizagirre 2013ko ira. 23a, 14:06

Alkate izan zen bere azken kargua Antzuolako Udalean, ordura arte herrigintzan eta oposizioan lan ugari egindakoa da, ordea, Jose Angel Zabalo.

Nola hasi zinen politikan?

Frankismo denboran, udalak ez ziren demokratikoak eta hainbat herri mugimendu zeuden. Horietan ibili nintzen eta orduko guraso elkarteak eta hango lehendakari Santi Zabaletak ireki zizkidaten begiak.
Lehen hauteskundeetarako, 1979an, Antzuolako Ezker Abertzaleak plataforma sortu zen eta ni independente moduan aurkeztu nintzen plataformarekin. 11tik hiru zinegotzi atera genituen eta orduan sartu nintzen Udalean. Lanerako talde jatorra zegoen. Pako Legorburu zen alkate eta hark bazuen negoziaziorako gaur egun falta den dohain bat. Lan asko egin genuen: arau subsidiarioak, mediku kontsulta... Dena eman nuen lanean, ur zikinendako estolderian adibidez, eta plataformakoekin nire erara lan egiten uztea adostu nuen.

Zure lanera itzuli zinen eta handik urte batzuetara deitu zizuten.

EAJtik deitu zidaten, 1999an. Esan nien bazegoela programa, herriak bazituela gabeziak, eta aurkeztu egin nintzen. Ez genuen alkatetza atera eta lau urtez oposizioan egon nintzen. EHkoa jarri zen alkate eta oposizio konstruktiboa egin genuen.

Eta hirugarrenean alkate, ezta?

Gu EArekin aurkeztu ginen. HB legez kanpo uztear zeuden eta Gertu Gare moduan aurkeztu ziren haiek. Hori ere legez kanpo utzi zuten, baina bozka eskatu zuten. Guk bost zinegotzi atera genituen, Gertu Garek hiru eta PSOEk bat. Legez kanpo utzita, Estatu mailan ziotenagatik zortzi zinegotzi egokitzen zitzaizkigun. Guk bozketan ateratako bost eserlekuak hartu genituen. Iruzurra zela esan ziguten baina herriak erabakitakoari ezin geniola uko egin eta erantzukizun bat genuela erabaki genuen.
Gertu Garekoei bileretara etortzeko eta batzordeetan parte hartzeko aukera eman genien. Udalbatzarretan ere egoten ziren baina euren botoak ofizialki ez zuen balio. Bozkatzen zuten eta idazkariak gehitzen zuen aktan eurek emandako botoa baina kontaketan ez ziren onartzen.

Garai zaila orduan?

Nik hiru arazo izan nituen legegintzaldi horretan: horiek legez kanpoko izatea, nire osasuna eta idazkari aldaketak.
Kontrolatuta sentitzen nintzen, ez nengoen batere eroso eta proposatzen nuen guztiari ezezkoa ematen zioten hasieratik.
Bestalde, osasun arazoak bestela ere etorriko ziren baina hemengo presioa handia zen eta lehertu egin nintzen.

Azpiegitura batzuk egin ziren.

Aurreko legealdian erabaki zen maristen eraikina kultur egitura berritzeko erabiliko zela. Legegintzaldi bukaeran hasi ziren obrak baina ikusi zen eraikina oso kaltetua zegoela. Urtebetez geldirik egon ziren lanak.
Alkate jarri eta lehenengo eraikin hura bota genuen. Kultur etxea han egin beharrean erdirago egitea eta balio anitzeko eraikin bat izatea proposatu nuen. Finantzazioa lortu nuen mailegu batekin eta erakundeen babesarekin. Astakeria zela zioten.
Proiektua lantzen hasita arazoak sortu ziren: sinadurak bildu zituzten eta aurkako mugimendua sortu zen kalean. Nik gauza bera egin nuen: herriko eragileekin mugitzen hasi nintzen. Azkenean lortu genuen Torresoroa egitea. Eta uste dut Antzuola ez dela damutzen eraikin horretaz.

Beste proiektu aipagarririk?

Sarrerako zubia zabaldu eta Uzarragatik Lizarragarako errepidea egin genuen, Elayrako kamioiak herri erditik ez pasatzeko. Eta alde zaharreko zoladura guztia altxatu eta azpiegitura guztiak berritu genituen orduan martxan zegoen Izartu programaren eta Eusko Jaurlaritzaren kontura.
Gainera, erreka estalita zegoen eta arauak zioenez, denak zabaldu behar ziren. Asko negoziatu ondoren ireki egin genuen, eta etxeen atzealdean kanal bat egin genuen ur-emaria handituz gero, arazorik ez izateko. Horrek ere protesta asko ekarri zituen jendearen artean. Bestalde, haurtzaindegia zabaldu genuen, inguruko herrietako jende asko etorri zen-eta Antzuolara bizitzera.

Hori guztiarekin, ze balorazioa egiten duzu zure alkatetzaz?

Ez neukan zalantzarik gestio mailan asmatuko nuela eta jendearen konpromisoa lortuko nuela baina garesti ordaindu nuen. Horrek luzera ere ekarri du ondoriorik: ez dago udaletxerako ilusiorik eta jendeak ez du izenik eman nahi EAJren izenean hauteskundetara aurkezteko.
Irten nintzenean ez zegoen jenderik eta nik ez aurkeztea proposatu nuen, onena hausnartu eta jendearekin egotea zela, ikus zezatela zergatik ez ginen aurkezten. Hausnarketa egin behar da, jakin behar da udaletxera herriarendako, ez alderdiarendako, lanera zoazela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak