Mairuaren Alardeko protagonisten buruhandiak egin dituzte

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko uzt. 12a, 10:45

Antzuolako historian pertsonaia ikurrak diren Mairua eta Buruzagia buruhandi bihurtu ditu Iñaki Matak, herriko artistak. Datorren asteko jaien aurrerapen moduan, gaur, egubakoitza, aurkeztuko dituzte 19:30ean Antzuolako herriko plazan.

Antzuolako nortasunaren adierazle diren pertsonaiak herritarrek gertutik sentitzeko helburuarekin, Mairuaren Alardearen Kultura Elkartearekin elkarlanean, Udaletik jaso zuen Iñaki Matak enkargua. Gaurko aurkezpenean, Udaleko eta elkarteko ordezkariez gainera, egilea ere han izango da; argazkiekin eta lan-tresnekin baliatuz, langintzaren prozesua azalduko du txistulariekin egingo duten kalejiraren aurretik. Horrez gainera, bi pertsonaien irudia duten maskarak banatuko dituzte.

Matarentzako erronka

25 urtetako eskarmentua du Matak panpina-egile moduan, hala ere, lehenekoz egin ditu buruhandiak. "Martxoan antzerki ikerketa bat egitera Argentinara hiru hilabetetarako joan aurretik proposatu zidaten eta denboraz justu nenbilen arren, baiezkoa eman nien; asko gustatu zitzaidan ideia, bai artista zein herritar moduan ere. Udaleko artxiboko argazkietan oinarrituta marraztu nituen lehenengo zirriborroak eta Youtube-n begiratuta eta Mikel Ibarzabal Bergarako panpina-egileak emandako azalpenekin landu nituen gero", dio Matak. Tailerrean ordu asko egin ditu, baina emaitzarekin gustura da eta baita Udaleko ordezkariak ere: "Oso pozik gaude egin duen lanarekin; asko inplikatu da, eta duda barik, ahalegin hori argi islatzen da emaitzan", dio Jone Larrañagak, Kultura teknikariak.

Ilusioa du Matak egindako lana herritarrekin partekatzeko: "Niretako ere ez da enkargu soil bat izan; oso garrantzitsua da niretako nire lanaren aletxoa herrian geratzea; asko eskertzen dut eman didaten aukera".

Erosoak eta iraunkorrak

Pertsonaien arima egoki jaso eta ahalik eta itxura errealistena lortzeko nahiaz, gainera, Matak ahalegin berezia egin du, buruhandiak erabilterrazak, erosoak eta iraunkorrak izateko. "Material berriak probatu ditut, margo bereziak eta beira-zuntza, besteak beste. Era berean, garai batekoak besteko itogarriak ez izateko, arnasa hartzeko eta airea sartzeko zuloak egin dizkiet eta eskuak apenas erabiliz, buruhandia gorputzera modu erosoan itsasteko helduleku barrubigunak ere jarri dizkiet", dio artisauak. "Detaile guztiak hartu ditu kontuan", diote pozik Udaletik, "gordetzeko orduan, esateko, lurrean utzi beharrean, eskegitzeko aukera izango dugu aurrerantzean".

Alardeko buruhandien langintza urratsez-urrats

Aurrez poliespanez egindako oinarria modelatu zuen buztinean. Moldeari txapak jarri zizkion, moldea bi zatitan banatu ahal izateko geroago. Eskaiolarekin eta iztuparekin estali zuen ondoren buztina. Sikatutakoan barruko buztina kendu eta arraultzen kaxen moduko kartoiarekin ordezkatu zuen. Gotele margoaren bi kapa gehitu zizkion gero. Positiboa atera zuen horrela; hau da, buruaren oinarria. Kartoiarekin beharrean, beira-zuntzarekin gogortu zuen egitura.

Margotzeko unea etorri zen gero, hainbat pintura kapa emanda txukundu zituen buruhandiak. Osagarriak jarri zizkien segidan; ilea, kapela eta durbantea, horien artean. Goma-aparrezko lepokoa egin zien bakoitzari jarraian, buruhandiak erabiltzaileen bizkar eta sorbaldetara eroso egokitu ahal izateko. 

Buruak eginda, erropak prestatzea da azkeneko urratsa. Argazki zaharrekin dokumentatuta, Matak egin zituen Mairuaren txilaba eta Buruzagiaren trajearen diseinuak. Ondoren, Antzuolan bizi den Lidia Espinoza Cortez boliviarraren laguntza izan zuen papeleko zirriborroetako jantziak josteko orduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak