Uzarraga bizirik mantentzen laguntzeko deia egin dute

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko eka. 23a, 22:23

Uzarraga ingura ezagutzeko irteera egin dute goizean, eta Uzarraga herritarren gunea dela aldarrikatu dute Uzarraga Bizirik plataformako kideak.

"Uzarraga herritarren gunea dela uste dugu. Auzotarrek erabili dute beti. Elizak zuen jabegoa, baina utzi egin du, hustu egindu, eta guk gura dugu Uzarraga zutik mantentzea eta herritarrendako erabilera bultzatzea. Eta aldarrikapen hori egiteko antolatu dugu Uzarraga ezagutzeko irteera", adierazi zuen domeka goizean Uzarraga Bizirik plataformako Jose Mª Iturbe antzuolarrak.

Jauntxoen hilerria

Uzarragan sortu zen Antzuola. Uzarragakoa izan zen Antzuolako lehen parrokia. Eliza horrek eraldaketa bat baino gehiago izan ditu eta horiek ikusi zituzten, besteak beste, domekan 10:30ean egin zuten irteeran. "Auzoko eskola ere hementxe egon zen 1965 urte ingurura arte, lehengo elizako sakristian", erakutsi zien Iturbek irteeran parte hartu zuten 30 lagun ingururi.

Iturriaren sorlekua eta hilerri zaharra ere bisitatu zituzten. "Pinudi batean dago eta ez da oso ezaguna, gertu egon arren, baina Debagoieneko hainbat jauntxo hemen lurperatu zituztela dioten dokumentuak badaude", azaldu zuen Iturbek. "Beheko iturria 1960ko hamarkadakoa da, baina horren sorlekua eta batez ere ura garraiatzen duen bidea oso zaharrak dira, harrizko tuberia batetik behera doa ura", jarraitu du. Uzarraga bizirik mantentzen laguntzeko deia, "bakoitzak ahal duen neurrian", egin diete herritarrei plataformako kideek.

Udal ordezkarien urteroko zita

San Juan egunean festa handiak egin ohi zituzten Uzarragan. Duela 35 urtera arte, adibidez, udal ordezkariak hara joaten ziren, eta dantzariek arkua egiten zieten, goiko argazkiak ikusten den moduan. Balentina sukaldariaren ostatuan bapo bazkaltzen zuten guztiek. Elizak ere duela urte gutxira arte eutsi dio lorak bedeinkatzeko ohiturari. Domekako ekitaldira elizgizonak ere gonbidatu zituzten herritarrak, baina ez dira joan. (Beheko argazki zaharrean, Tomas Arbulu alkatea 1992ko San Juan egunean)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak