Beasain-Bergara errepidea ahalik eta lasterren amaitzeko oposiziotik lan egingo duela agindu du Markel Olanok

Iure Eizagirre 2013ko eka. 19a, 00:25

Markel Olano Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJko bozeramaileak eta Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordeak hitzaldia eman dute gaur Olaran etxean, bertaratu diren 30 pertsona ingururen aurrean.

Olanok eman dio hasiera hitzaldiari, EAJk eguneroko lanarekin herria askatu nahi duela eta hori ezin daitekeela gaitasun ekonomiko propiorik gabe lortu azpimarratuz. Herriak bere egitura erabaki beharko lukeela eta horretarako abertzaleen arteko adostauna ezinbestekoa dela gaineratu du, ahaztu gabe ezker abertzaleak eta EAJk egun ez dutela akordiotara heltzeko gaitasunik.

Euskal Herriaren izaera industrialak krisi ekonomikoa beste leku batzuetan baino beranduago nabaritzea eragin du Olanoren ustez, eta aurrerantzean ere hori da indartu beharreko sektorea. Azpiegitura onak izatea lagungarri ei zaie enpresei lehiakorrak izateko eta horretarako AP-1 errepidea inbertsio ona izan zela aitortu du, herriak komunikatzeko eta N-1 errepidearen alternatiba moduan balio duelako. Duela gutxi komunikabideen bitartez jakin dutenez, Beasain eta Bergara arteko errepideak urtebeteko atzerapena darama luizi baten ondorioz, eta bere alderdiak oposiziotik lan horiek ahalik eta azkarren amaitzeko ahalegina egingo duela agindu du Olanok.

Abiadura Handiko Trena apustu handia dela eta obra hasita egonik, orain helburua hori amaitzea dela azaldu du EAJko bozeramaileak. Gero erabilera bermatu beharko dela gaineratu du, izan ere, trenaren funtzio nagusia herriak komunikatzea eta Euskal Herria nazioartearekin lotzea da.

Baserritarrei lagundu beharra

Bittor Orozek Euskadiko industriaren salmentak azaldu ditu: %30 bertan saltzen da, %30 Espainian eta %30 nazioartean. Espainian dagoen geldialdia kontuan hartuta, zati hori indartzeko zerbait egin behar dela ohartarazi du.

Lehen sektorean ere bada zereginik eta ekoizle txikiendako araudia egokitzea beharrekotzat jo du Orozek, nekazari euskaldunek inguruko herrialdeetakoek adinako inbertsioak, eta ez handiagoak, egin behar izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak