Iñigo Ramirez de Okariz: "Ez politikari, ez teknokrata... gure udaletan herritarrek egon beharko luketela uste dut"

Imanol Gallego 2013ko eka. 19a, 02:00

Jende askorentzat Iñigo Ramirez de Okariz Huheziko Fakultateko irakaslea den arren, bere herritar senari kasu eginez bi legealditan Antzuolako Udaleko zinegotzi izan zen. Kultura, hezkuntza eta euskara gustuko ditu, eta bere herriko ondarea batzen duen liburu baten idazlea ere bada.

Zure ogibidea beti izan da irakaskuntza; zerk bultzatu zintuen hura utzi eta zinegotzi lanak hartzera?

Beti gertutik bizi izan ditut herriko gaiak, eta, sarri, herriaren alde egiteko grina izan dut. Une hartan aproposa iruditu zitzaidan eta irakaskuntzatik Udalera salto egitea erabaki nuen. 

Esperientzia ona izan zen?

Bai, esperientzia aberasgarria izan zen, baina bere alde txarrak ere izan zituen. Garai hartan, Udalean sartzeak etiketa bat jartzen zizun. Urte gogorrak izan ziren, eta, herriaren alde lan egiteko gogoz egon arren, giroa gaiztotuta zegoela nabaritzen zen. Kontuan izan behar da udal baten barruan aldagai ezberdinak daudela. Horietako bat politiko-ideologikoa da. Udalean sartzean, alderdi baten menpe edo kide bezala sartzen zinen; hortik aurrera, jendeak herritar baino gehiago, partidu jakin horren militante moduan ikusten ninduen.

Orain giroa aldatu egin dela uste duzu?

Ez nago Udalean, baina baietz esango nuke. Ezker abertzalea hauteskundeetatik kanpo geratu zen eta hark egoera asko korapilatu zuen.

Gaiak zeresan handia eman zuen herrian eta kanpoan, baina inoiz galdetu zizuten neurri horren kontra edo aldekoa zinen?

Egia esan, ez. Proiektua gutxienekoa zen. Alderdi batek Udalean egoteko aukerarik izan ez zuenez, guri kontra egiteko argudio gisa erabiltzen zuten. Gure lanaren irakurketa oso kritiko eta ideologizatua egiten zuten, herriaren ongizatea albo batera utzita.

Udalean, politikariek baino gehiago, teknokratek egon beharko luketela uste duzu?

Herritarrek egon beharko lukete. Hori argi daukat. Beste sistemarik asmatzen ez dugun bitartean, politikarien menpe gaude, baina udal batean kolore politikoak alde batera utzi eta herriaren aldeko proiektuak garatzeko lanari ekin beharko genioke. Ziurrenez, ezberdintasunak baino, elkartzen gaituzten ezaugarri gehiago izango digutu.

Zinegotzi izateak erabaki asko hartzeko aukera ematen du?

Nire esperientzia azalduko dizut. Arloa ezagutu arren, teknikariekin batera hartzen genituen erabaki genienak. Finean, eurak dira Udalaren funtzionamendua ondoen ezagutzen dutenak. Egia da herrikoa naizenez herriaren beharrak ezagutzen nituela, baina teknikariek oso ongi orientatzen ninduten.

Proiektu garrantzitsuren bat gogoratzen duzu?

Dudarik gabe, Torresoroa. Proiektu garrantzitsu eta beharrezkoa izan zen. Herrian zehar sakabanatuta zeuden zerbitzuak bateratu genituen, eta egun, antzuolarrentzat eraikin aberasgarria dela uste dut. 

Non dago sekretua? Proiektu asko egin dira, baina, gero, kostuak kolokan lagatzen ditu. Hemen ez da hori gertatu. 

Edozein proiektu hausnarketa baten ondoren egin behar da, eta Torresoroa eraikin garaikide eta anitza den arren, Antzuolaren neurrira egin genuen. Espainiako eta Espainiatik kanpo zeuden mota honetako eraikin eta proiektu asko aztertu ostean egindako proiektua izan zen.

Inoiz egindako lanagatik zorionik jaso duzu?

Udal bat ez da zorionak jasotzeko tokirik aproposena. Garai hartan, gainera, lehen esan bezala, ez zegoen giro onik. Egun antzuolar orok gustura erabiltzen dugun eraikina dela ikusita konformatzen naiz. 

Irakasle zarenez, zein da Udaletik atera zenuen ikasgaia?

Ez dakit, ba... Egia esan, kontrara esango nuke. Unibertsitatean talde-lanaren aldekoa naiz eta sistema hori Udalera eroaten saiatu nintzen.

Pazientzia, besterik ez bada?

Akaso, hori... noizean behin mingainari haginka egiten ikasi nuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak