Hasiera eman diote elkarbizitza prozesu parte-hartzaileari

Iure Eizagirre 2013ko mai. 19a, 22:56

Elkarbizitza prozesuari hasiera eman zioten martitzenean Olaran etxean egindako lehen bilkuran. Udalak bere kabuz landu beharrean, herritarren parte-hartzea bultzatu du egitasmo honetan, antzuolarrek hala eskatuta.

Iazko irailean eta urrian egindako aurrekontu parte-hartzaileetan gai ekonomikoekin batera, gizarte gaiak ere izan zituzten hizpide eta herritarrek orduan erakutsi zuten elkar ezagutzeko gogoa. Martitzeneko erantzuna horren adibide da, izan ere, 34 pertsonek hartu zuten parte bileran.

Eurak identifikarazten zituzten banderak aukeratuz ekin zioten jardunari eta horrek ondokoarekin hitz egiteko aukera eman zien. Esperientziak talde handiagoarekin banatu zituzten gero eta bakoitzaren jatorria ezagutzeaz gain, herrira heldu zireneko bizipenak eta sentipenak elkarbanatu zituzten.

Maddi Elorza Kultura zinegotziak azaldutakoaren arabera, "herritarren artean nolabaiteko elkarbizitza sortzea izan zen bileraren helburua. Jatorri ezberdinetako jendearen artean harremana sortzea". Gustura agertu zen martitzeneko bilerak izandako harrerarekin.

Antzuolako Udalari herriko bizimoduaren inguruko hainbat ondorio ateratzeko balio izan zion bilerak. Herria txikia izateak elkar ezagutzen, elkarri laguntzen, lan egiten eta seme-alabak hezten laguntzen du, eta kanpotik datozenek eskertzen dute hori. Herritarrekin elkartzeko norberaren izaera eta euskara jakitea faktore garrantzitsuak dira, eta hurbiltze horretan eskolaren eta gaztetxearen lana azpimarragarriak dira.

Hala ere, antzuolarrak ere koadriletan biltzen dira eta horrek benetako lagunen falta eragiten du batzuengan. Herrian jaiotakoen eta kanpotik heldutakoen koadrilak bereizten dira, eta horretarako arrazoiak komunikazio falta eta herriaren izaera izan ohi dira.

Beste bi bilera

Martitzeneko saioan jendearen jatorria eta sentipenak ezagutu zituzten. Elkarbizitza prozesuak, ordea, jarraituko du eta beste bi bilera dituzte aurreikusita.

Maiatzaren 28an izango da hurrengo bilera eta aste honetan egindako hausnarketetatik  abiatuta, hainbat oinarri zehaztu eta elkarbizitza planerako balioak ezartzen saiatuko dira. Hirugarren eta azken bilkuran, aldiz, elkarbizitza posible dela erakusteko akordioak eta ekintzak zehaztuko dituzte guztien artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak