Azken urte honetako datu zehatzak hauek dira kilo-biztanleko eta urteko: ontzi arinei dagokionez, 26 kilo biztanleko aurten, duela bi urte 12,7 kilokoa zen, paperari dagokionez, aurten 34 kilo batu dira, oin bi urte 25,5. Beira 26 kilo pertsonako jasotzetik 35,8ra pasa da. Organikoa aldiz, duela bi urte ez zen jasotzen eta 2012an 190.000 kilo baino gehiago batu dira guztira. Errefusa aldiz, 2010ean 400.000 kilo baino gehiago batzen ziren guztira urtean, organikoa eta errefusa bereizten ez baitzen, eta 2012an aldiz, 67.000 kilo batu dira. Bitxikeria moduan adierazi daiteke, 2011-2012 artean, kontsumoa mantendu egin dela eta paper, ontzi arin eta organikoaren birziklatze maila bikoiztu egin dela.
Ekonomikoki ere aurrerapausu handiak egin dira; hondakinen tratamenduak 41.500 euro baino gehiagoko kostua izan zuen Mankomunitatearentzako 2010ean. 2012. urtean, berriz, 9.500 eurotik gorako irabaziak izan ditu.
Bestalde, bi urte hauetan kezka sortarazten zuen gai bat izatetik, ohitura bilakatu den gaia izatera pasa dela adierazi zuten gerturatutakoek. “Atez atekoarekin denok berdin egin behar dugu lan, ordutegi zehatzak ditugu, ingurumena hobetzen laguntzen dugu eta ohitura bilakatu da biltze banakatua gure etxeetan” adierazi zuen Hondakinen Jarraipenerako Batzordeko kide Jose Mari Iturbek.
Eskerrak herritarrei
Inma Beristain alkatea eskerrak eman nahi izan dizkie herritar guztiei herritar guztien lanarekin lortu delako Europa mailan eredu izatea. "Denon ahaleginak baditu pozteko moduko emaitzak eta esker-ona".