2012an jasotako hondakinen datuak aurkeztuko dituzte jendaurrean

Maider Arregi 2013ko mar. 6a, 11:17

Iaz egin zen bezala, aurten ere urteko datuei buruzko aurkezpena egingo dute Antzuolako Udalak eta Hondakinen Jarraipen Batzordeak, 2012ko hondakinen gaineko datuak aurkeztuko dituzte, martxoaren 12an, martitzenean, 18:30ean, Olaranne. Batzordeak dio, datuak "oso positiboak" direla: "Jasotako hondakinen %86 birziklagarria zen, %14 besterik ez zen izan errefusa. 2010eko datuekin alderatuta, aldaketa izugarria izan da: urte hartan, %75 zen errefusa, hau da, zabortegira eraman behar izan zena", gaineratu digute.

Ekonomikoki ere aurrerapausu handiak egin direla azaldu digute: "Hondakinen tratamenduak 41.500 euro baino gehiagoko kostua izan zuen Mankomunitatearentzako (Antzuolari dagokionez) 2010ean. 2012. urtean, berriz, 9.500 eurotik gorako irabaziak izan ditu. Kontuan hartu behar da gaur egun askoz tona gutxiago eramaten dela zabortegira (tona bakoitzeko 144 euro ordaindu behar da) eta ontzi, paper, kartoi... gehiago saltzen dela; gainera, material horren kalitatea (purutasuna) askoz handiagoa denez, gehiago ordaintzen dute. Gauzak horrela, esan bezala, iaz kostuak izan beharrean, irabaziak egon ziren tratamenduari dagokionez". Datu horiei guztiei eta gehiagori buruzko azalpenak emango dituzte, bada, martitzenean, Udaleko arduradunek eta Jarraipen Batzordeko kideek.

Bigarren urteurreneko ospakizuna

Antzuolan hondakinen sistema berria jarri eta hondakinekin selektiboki jarduten dutenetik bi urte beteko dira bihar, martxoaren 7an. "Hori dela eta, eta herritar guztien laguntzarekin eta ahaleginarekin lortu dugun hori ospatzeko, argazki masibo bat aterako dugu zapatuan, Zurrategin, 13:00etan. Herritar guztiei dei egiten die Antzuolako Udalak, ekimen horretan parte har dezan. Gainera, urteurrenaz gain, badugu zer ospatu, izan ere, Antzuolako hondakinen kudeaketa Europa mailan eredugarri aukeratu dute eta hori harro egoteko modukoa da".

Antzuolako hondakinen kudeaketa eredugarri Europan

Europako Eskualdeetako Lantaldeak eta Europako Batzordeak, Ecologic Institute erakundeari enkargatu dio indarrean dauden Zuzentarauek ezarritakoak baino helburu handinahiago eta berritzaileagoak dauzkaten hondakinen herri- eta/edo eskualde mailako kudeaketak aztertuko dituen ikerlana egitea. Enkargu horren eginbeharretako bat da Europar Batasuna osatzen duten Estatuetako bakoitzean praktika onen kasu bana identifikatzea. Estatu espainiarraren kasuan, Autonomia-erkidego guztietako ekimenak aztertu ditu Ecologic Institute erakundeak. "Ekimenik nabarmenena, eraginkorrena eta berritzaileena Debagoieneko Mankomunitateak hondakinak atez ate biltzeko egin duen apustua dela iritzi diogu", dio Ecologic Institute-ko Alejandro Iglesias-Campos Jaunak. Horregatik, antzuolarren "esperientziak eta ondo-egitea praktika onen eredu gisa" aurkeztu nahi ditu aipatutako erakundeak. Helburu horrekin, Antzuolako Udalarekin eta Debagoieneko Mankomunitatearekin harremanetan jarri dira Ecologic Institute erakundeko arduradunak, datu zehatzak eta informazio gehigarria eskuratzeko. "Gauzak horrela, herritar guztioi eskerrak eta zorionak eman nahi dizkizue Antzuolako Udalak, denon artean egin baitugu posible gaur egun herrian daukagun errealitate hau, sortutako hondakin guztien %86 birziklatzea eta Europa mailan eredu izatea, alegia. Denon ahaleginak baditu pozteko moduko emaitzak eta esker- ona. Emaitzak, denok dakigun bezala, birziklatzen ez den oso hondakin gutxi sortzen ari garela eta, ondorioz, ingurumenari mesede egiten; eta orain, esker-ona ere bai, gure herri txiki hau Europa mailan eredugarri dela uste duelako Ecologic Institute bezalako Europa mailan lan egiten duen erakunde horrek".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak