Jone Larrañaga: "Urtetako jairik jendetsuena izan da aurtengoa"

Maider Arregi 2012ko uzt. 24a, 18:23

Egunez zein gauez ibili da jendea jaietan. Herritarren parte-hartzea handitu egin dela esan digute udaletik eta gaztetxetik. Horren eredu dira kale afarian 200 lagun batu zirela eta zapatuko txosna guneko afarian Zurrategi bete egin zela. "Sekulako herri giroa sumatu dugu jaietan", azaldu digu Jone Larrañagak, Kultura teknikariak.

Baina alardea izan da jaietako ekitaldi jendetsuena: 184 parte-hartzaile izan ditu. "Makillatzaileak, agertoki eta bestelako muntaia lanak egiten ibilitakoak… jende askok lagundu digu. Eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei, euren laguntza barik ez dagoelako jairik", nabarmendu digu. Bi erronka nagusi zituen alardeak aurten: mairuaren sekitoan zihoan musikari taldea eta danbor-jotzaileen taldea sendotzea. Hala, aurten, adin askotariko 20 lagunek hartu dute parte danborra joaz."Oso talde polita sortu dute". Alarde berriaren laugarren urtea izanik, finkatuta dagoela esan digu. Izan ere, ziurtasun horrek parte-hartzaileengan eragina izan du eta konfiantza handiagoarekin irten dira. "Benetan borobil irten da; finkatuta daude aldaketak eta denek onartu dituzte, gainera, orain lau urte ekindako berrikuntzak. Eboluzioa eta aldaketa onerako izan dira".

Zapatu arratsalde eta gauean ibilitako jendetzaren adierazle, Bergaratik bikoiztutako autobus zerbitzua. "Oso ondo funtzionatu zuen autobus zerbitzuak. Jende asko arratsaldean etorri zen eta bikoiztu egin genituen zerbitzuak. Gozategi eta Joselu Anaiek erakarrita, Zurrategi eta Plaza beteta zeuden".

Barikuko gastronomia lehiaketan, 16 taldek hartu zuen parte. Datorren urterako ere proposamena egin dute herritarrek: berriro patata-tortilla egitea, alegia. "Koadrilen Eguneko zezenek eta poneyek plaza bete zuten; Iñigo Almorzak sanferminetan baino jende gehiago zegoela zioen".

Txosna-gunea beteta

Txosna gunean ere jendea ibili da; zapatua izan arren jendetsuena. Baina pintxopoteoak, jolasek eta elektro-txaranga zein rock kontzertuek ere erakarri dituzte antzuolarrak eta ingurukoak.

Larrin-dantza

"Plaza jendez beteta, 3 urteko txikiek nola egiten duten dantza ikustea ikaragarria da. Oinarinek antolatuta adin guztietako jendea aritu da".

Aipatu ere, Debagoieneko Txakolin Egunean, Anelkarrek egindako saiheski erreak sekulako harrera izan zuela; berehala agortu ziren eroandako 60 kiloak. Beste 6 kilo eroan behar izan zituzten. Eta aurten lehen aldiz herritarrek hala eskatuta, hontza ere igo dute kanpandorrera, jaiei behar den moduan agur esateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak