Eta zehaztu: "Orain baserri bakoitzak bere iturburua edo depositua du, baina ur hori ez dago araztuta". Gutxi dira Antzuolan tratatutako ura jasotzen duten baserriak; batez ere, kale inguruan daudenak daude sarean sartuta. Hala, Udalarendako proiektu estrategikoa da hau: "Ura eduki eta kudeatzeko ahalmena izateak izugarrizko garrantzia du", azpimarratu digu.
Aurten, Goitia ingururaino
2009an ekin zieten ur sarea osatzeko lanei. Lizarraga auzoan dagoen Abaro iturbururaino jo behar dugu proiektuaren hasiera aurkitzeko, ura aurkitzeko. Antzuolako baserri guztiak hornituko dituen ur depositua eraiki zen bertan. Bigarren fasean, hortik ura banatzeari ekin zitzaion, sarea zabaltzeari. Hala, Laskurainaundi baserriraino jaitsi zituzten hodiak. "Hasierako asmoa zen sarea trenbideraino jaitsi eta handik banatzea ura baserrietara. Tren zaharren ibilbideak, baina, izugarrizko bihurguneak ditu eta hoditeria asko luzatzen zen. Lanak garestiago ateratzen ziren. Ondorioz, erabaki zen sarea bi zatitan banatzea; goitik ere egitea. Izan ere, bidea motzagoa zen eta hala baserriak hurbilago zeuden".
Horrenbestez, Akiñao baserritik Lizarriturri baserriraino eraman zen ura iaz. Eta aurten, azken horretatik Goitia ingururaino. Horrela, aurtengo lanekin hiru bizitzatara iritsiko da ur araztua: Goenagako bi bizitzetara eta Goitiara. Guztira, 300-350 metroko hoditeria izango da.
Lanak, urrirako eginda
Irailean hasiko dituzte lanak. Izan ere, urrirako bukatuta egon behar dute, dirulaguntza jaso ahal izateko. "Orain aurrekontuak eskatzen hasiko gara, lanak nori esleitu erabakitzeko. Eta irailean hasiko lirateke lanak. Ez da obra konplikatua izango: zanga egin behar da, hoditeria pasa eta arketa batzuk egin baserrietara konexioak egin ahal izateko. Hilabeteko epean lanak eginda egotea aurreikusten dugu", esan digu Etxezarretak.
Luze joko duen proiektua dela gaineratu digu Udaleko zinegotziak: "Aurrekontuaren arabera joango gara sarea osatzen. Urtero zati bat egiten. Lizarraga auzoan bukatzean, Basalde eta Irimoa aldera joko dugu".
Lotura baserritarrek
Udalak sare nagusi bat egiten du, baina baserritarren ardura da horra lotura egitea. "Arketa batzuk egiten dira kondatoreak jartzeko, baina bai kontadoreak eta baserrirainoko hodiak baserritarren kontura doaz. Hala ere, badaude baldintza batzuk. Esaterako, arketatik baserrirako distantzia 250 metro baino gehiago bada, Udalak eskaintzen dio laguntza baserritarrari".
AHTko lanek ura moztu
Lortu nahi dena da "sare publikoarekin etxeko hornikuntza bermatzea eta baserritarrek duten beste iturburua ortuak ureztatzeko eta ganaduendako mantentzea. Bestela, gastua izugarria da", esan digu Etxezarretak.
Hor ere badute arazo berri bat Antzuolan. "AHTko lanekin hiru-lau baserriri euren iturbegiak moztu dizkiete. Legeztatuta zituztenez, ura hornitu behar izan diete sare publikotik, baina baserritarrendako horrek izugarrizko gastua suposatzen du" azaldu digu Etxezarretak.
-----------------
Baserrietako ur hornikuntza araututa
Sarea bukatuta ez dagoen arren, dagoeneko badago aukera martxan dagoen sarera konexio egiteko. Ez dago zehaztuta, baina, baserritarrek zenbat ordaindu behar duten; doan dute ura. "Araudia egin gabe dago eta urgentea da hori egitea; gainontzean, arazo bilaka daiteke hori etorkizunean. Horregatik gabiltza orain araudia lantzen", azaldu digu Etxezarreta zinegotziak.