Juan Jose Azkarate: "Gizartean aldaketa behar genuelako erabaki nuen politikan sartzea eta lan egitea"

Maider Arregi 2012ko uzt. 4a, 02:00

Hiru agintalditan Hirigintzako zinegotzi gisa jardun du Juan Jose Azkaratek Zutik eta EH alderdietan. Politikaria eta sindikalista. Egun erretiratuta dagoen arren, politika gertutik jarraitzen duela kontatu digu eta oraindik ere ESK sindikatuan beharra dutenei laguntzen diharduela azaldu digu.

Zergatik sartu zinen politikan?

Sasoi hartan, gazte gehienak geunden lantegietatik, edo kaleko mugimenduen bitartez, politikan sartuta. Ni langile mugimenduko militantea izan naiz, sindikalista. Orduan, garai hartako gizartearen egoerari aurre egiteko uste genuen lan egin behar genuela. Alternatiba ezberdinak zeuden eta nire erabakia izan zen politikan sartzea, gizartean aldaketa behar genuen-eta. 

Lehen agintaldia. Ze oroitzapen?

Ez ziren egoten ondoren etorri diren bronkak oposizioarekin. Lehenengo agintalditik azkenengora igartzen dut oposizioaren aldaketa. Egoeraren arabera, gogorra izan da. Lehen etapan, Jose Mari Ugalde zen alkatea.

Bigarren etapan, zoritxarrez, bi alkaterekin egin zenuen lan. 

Iñaki Lete alkate zenean harreman oso onak genituen alderdi guztiek. Lete, zoritxarrez, istripuan hil zen eta Roke Iñarra jarri zen EAJko alkate eta orduan ere giro ona geneukan. Badaukagu anekdota bat garai hartakoa intsumisioarekin lotuta. Lehen, udaletxean, altuera neurtu eta pisua hartzen ziguten soldadutzarako –tallatu–. Guk ezezkoa eman genuen 1995ean. Hala, Roke Iñarrari Navajas epaile ospetsuak zortzi urteko inhabilitazioa ezarri zion armadarekin kolaboratu gura ez zuelako. Gipuzkoako lehen alkatea izan zen. 

Eta EH alkatetzara iritsi zenean?

EAJren jarrera gogortu egin zen oposizioan. Mireia Unamuno genuen EHko alkate eta obra batzuk zirela-eta eztabaidak izan genituen oposizioarekin. Batetik, errekan egin beharreko lanek eragindako eztabaida geneukan. Denak geunden ados lanak egin behar zirela uholdeetatik babesteko. Auzotarrekin hitz egin genuen nola egin lanak erabakitzeko. Jaurlaritzak derrigortu egiten gintuen errekaren zati bat bistaratzera-eta. Luzatu egin zen auzia, baina obra ondo geratu da. Obra handiena udaletxe atzeko errekan egin zen. Garestia izan zen, baina derrigorrezkoa uholdeak ekiditeko. 

Atzera botatako proiekturik?

Industrialdea egin nahi genuen Deskarga aldera. Proiektu hura bertan behera geratu zen, ordea. Antzuolako enpresa batek azken unean atzera egin zuen, eta obra oso handia zen. Bergaran ere industrialde handi bat egin zen. Gainera, ingurumenari ere kalte eragingo lioke horrek. 

2003an ilegalizazioa iritsi zen. Nola bizi izan zenuen?

Oso gogorra izan zen; baina orain Sortu legalizatu dute, eta derrigorrezkoa zen. Egoera ere pixkanaka aldatzen doa. Gauzak ondo egiten badira, eta ez da erraza izaten, momentu ona izango da hemendik urte batzuetara ezkerreko posturen bitartez herriak indarra hartzea. Ezkerreko partiduek irabaziz gero, txarra izango litzateke eskuinekoen politika egitea; pozoia da hori herriarendako.  

Bizi izan duzun une gogorrena zein izan da?

Sagasti auzoko urbanizazio lanek eragindako eztabaida EAJrekin. Proiektua eman genion eraikitzaileak aurrekontua baxutik egin zigun; eta, azkenean, dirurik ere ez zuen enpresak, eta lanak okertu eta garestitu egin ziren. EAJk gogor egin zigun osoko bilkuretan.

Zer eman dizu politikak?

Bi politika klase daude: batetik, politikari profesionalaren lana dago, eta hortik bizi dena; guk politika egin dugu, baina gurea, aldiz, ez da karrera bat izan. Orain bizimodua hortik ateratzen dute, politika egitetik. Guk gaizki ikusten genituen gauzak aldatzeko lan egiten genuen politikan. 

Ze balorazio egiten duzu?

Balantzea egitean, azpimarratu nahi dut, Antzuolan 1983tik gaur arte egindako lana oso ona izan dela. Hirigintzako ikuspegitik, nik uste dut lanak txukun egin direla eta hirigintza orekatua dagoela. Ez da desastrerik egin herrian. Zirkulazioari dagokionez, ez gaude oso ondo, ea konpontzen duten arazoa Zumarraga-Beasain-Durango errepidea egitean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak