Bake epaitegietan Inforeg izeneko aplikazioa instalatu arte ez da posible izan euskarazko erregistrorik egitea; izan ere, aplikazio informatikoa instalatu aurretik erregistroak gaztelaniazko liburuetan egin behar ziren, eta horregatik gaztelaniaz egin behar ziren ezinbestean. Orian, Bake epaitegietan egin beharreko inskripzioak euskaraz egin ahal izango dira Antzuolan –jaiotza, ezkontza eta heriotza erregistroak–.
Borroka luze bezain korapilatsua
Erregistroak euskaraz egiteko trabak aspalditik salatu dituzte euskalgintzako hainbat eragilek eta dozenaka gurasok. 2005aren aurreko legeak ez zuen erregistroak euskaraz egiteko aukera jasotzen; beraz, ezin zen euskarazko erregistrorik egin. 2005eko ekainean 1957ko Erregistro Zibilen legearen 23. artikulua aldatu behar izan zuten, erregistroetan gaztelania ez beste hizkuntza ofizialak erabili ahal izateko; baina hori ere ez zen nahikoa izan herriz herri aukera hori gauzatzeko. Legeak onartutakoa ukatu egiten zitzaien gurasoei, euskarazko erregistroak egiteko euskarririk ez zegoela argudiatuta. 2007tik aurrera galizierako eta katalaneko erregistroak legezkoak izan arren, haur jaioberriak euskaraz erregistratzeko eskaerak atzera bota dituzte sistematikoki.
2008ko abuztuan, Arartekoak ere arrazoia eman zien erregistroa euskaraz egitearen alde zeudenei: "Estatuko Justizia Ministerioaren arduradunen aurrean adierazi genuen ulertezintzat eta onartezintzat jotzen genuela, jaiotza –inskripzioak euskaraz egitea ahalbideratzen zuen legea indarrean sartu zenetik iragan den denbora tartea kontuan hartuta, Erregistroa egokitzeko martxan jarri beharreko mekanismoak oraindik burutzeko egotea".
"Urteetako utzikeriaren ondoren, 2008ko abenduan, Inforeg aplikazioa instalatzen hasi zen Jaurlaritza, baina instalatze prozesuak iraun bitartean dozenaka laguni ukatu zaie erregistroak euskaraz egiteko legezko aukera", azaldu dute. Erreklamazioak egiteaz gain, asko izan dira hedabideetan egoera hori salatu duten gurasoak (Usurbilen, Oiartzunen, Villabonan, Zizurkilen, Ikaztegietan, Zestoan, Zarautzen, Arrasaten, Adunan, Alegian, Aulestin, Bermeon…). Ordurako, Nafarroan ez zegoen inolako arazorik erregistroak euskaraz egiteko.
Gaztelaniaz bakarrik egiteko derrigortasunaren aurrean, asko izan dira lanean aritu diren eragileak: Hizkuntza Eskubideen Behatokia eta UEMA, besteak beste, laguntza eta babesa eman zieten gurasoei. Halaber, UEMAko 30 udal baino gehiagotan mozioak onartu zituzten erregistroak euskaraz egiteko eskubidearen alde.