Ima Beristain: "Antzuolako herria energetikoki efizientea izatea nahi dugu"

Maider Arregi 2012ko api. 24a, 02:00

Dagoeneko bederatzi hilabete pasa dira Ima Beristain Antzuolako Udalera heldu zenetik. Balorazio positiboa egiten du; lantalde "jatorra" eta "ilusio handikoa" duela kontatu du Goiena telebistako Harira saioan. Orain Antzuolaren gainean gehiago dakiela eta beste modu batera ikusten duela herria dio. "Denok udaletxean lanean eman beharko genuke denboraldi bat, nolako lana den jakiteko", esan du Goiena telebistan.

Bilduk gehiengo erosoa du erabakiak hartzeko orduan.

Zenbat eta jende gehiago lanerako, orduan eta hobeto egiten dira gauzak. Nire ustez, elkarrekin lan egitea da garrantzitsuena. EAJko kide bat bergararra da, eta partekatzen ditu gauzak gurekin; gainontzeko oposizioko zinegotziak ez dira debagoiendarrak. Harreman naturala dugu.

Zerk eman dizu poztasuna?

Herritarren babesa sentitzea. Lasai etortzen dira niregana edozer esatera: animuak emateko edo kritikatzeko. Gauzak hitz eginda konpontzen dira, eta hori baloratzen dut. 

Debagoieneko ospitalerainoko autobus zerbitzu zuzena noizko?

Apirilaren 16an martxan jarri da. Orain dagoen zirkularra mantenduko dugu, eta, guztira, zazpi zerbitzu gehiago izango dira. Antzuolarrei eskatu nahi diet mesedez erabiltzeko, denondako onura izango delako. Garraio publikoaren alde egin nahi da.

Nolakoak dira 2012rako onartu diren aurrekontuak?

Zorpetze handia daukagu –2.620.000 euro–; sarrerak gutxiago dira –2.500.000 euro inguru–. Ez zaigu aukera askorik geratzen inbertsioak egiteko. Ahalegina, ordea, egin dugu murrizketarik egon ez dadin; zerbitzuei eustea da gure erronka nagusia orain.

Zein izango da zuen inbertsio  nagusia agintaldian?

Autobusa herri barrutik atera gura dugu; herrian arazo handia sortzen da, kaleak estuak dira-eta. Hori bideratzen ari gara. Gure asmoa da Sagasti auzoan biribilgunea egin eta geltokia jartzea. Diputazioak Zupide parean biribilgunea egitea aginduta zuen, baina ez dauka dirurik; horregatik, eurekin lantzen ari gara beste mota bateko sarrera merkeagoa egiteko asmoa eta autobusa herri barrutik ateratzeko. Aurten ere, eskola aurreko jolaslekua berritu gura dugu; guraso talde batek eskaria egin digu eta diru partida bat horretarako bideratu nahiko genuke. 

Parte-hartzea bultzatu gura duzue Udaletik?

Gure asmoa da herria eta Udala bateratzea. Herritarrak guregana erraz gerturatzea nahi dugu. Aurrekontuak horregatik aurkeztu genituen herritarren aurrean. Diputazioak horrelako proiektuak egiteko laguntzak ematen ditu, eta eskaera egin diogu. 2013ko aurrekontuak  antzuolarren parte-hartzearekin egingo ditugu.

Eguneko zentroa, etxe tutelatua, haurreskola… zerbitzu guztiak mantentzeko borondatea duzue?

Bai, duda barik. Oso zerbitzu onak ditugu, eta hori mantentzea da gure erronka. Herritarren erabilerarako egokituko ditugu ahalik eta jende gehiagok erabiltzeko. Herritarrak gustura daude zerbitzuekin, eta mantentzeko ahalegina egingo dugu. 

Baserrietako ur-saneamenduaren  lanekin jarraituko duzue?

Diputazioak dirulaguntza eskainiko du eta ur-saneamenduari jarraipena emateko partida bat bideratu dugu. San Martzial auzoan egiten jarraituko dugu. 

Argiteriaren ikerketa egin duzue.

Emaitzak ez dira batere onak izan, behar baino argindar kopuru handiagoa kontsumitzen dugulako. Baina gasak eta gasolioak ere arazoak ematen ditu. Antzuola energetikoki efizientea izatea nahi dugu epe ertainera. Gastua erdira murriztea da asmoa; hori bideratzen ari gara eta bagabiltza enpresekin kudeatze moduak gertutik ezagutzeko batzarretan. Beste herri batzuetan nola egin duten ikusiko dugu orain.

Irisgarritasun planik?

Ikerketa egin dugu erdigunean;  irisgarritasun plana eraikuntza berriak egin diren inguruetan ere egin dugu. Beste leku batzuetan ere egin behar dugu, oztopo arkitektonikoak saihesteko; udaletxean, esaterako. Orain gure udaletxeak ez du irisgarritasun plana betetzen eta erronka hortxe daukagu.

Torresoroak hiru urte bete ditu. Zein da egiten duzuen balorazioa?

2009ko martxoan zabaldu zituenetik ateak Torresoroak, erabilera ona izan duela uste dut; orain amaiera falta zaio: harmailak jartzea. Horretarako diru kopurua behar dugu, baina lehentasuna herriko beste gauza batzuk dutenez, zaila da. Herritarren batek eskatu digu harmailak jartzea, baina, gure lehentasunen artean, esan moduan, beste lan batzuk daude nahiz eta aurrez bageneukan diru partida bat horretarako bideratuta. Baina, une honetan aulkiekin Torresoroan aurrera eta atzera gabiltza; momentuz horrela konpondu beharko gara. Dena den, esan herritarrek erabiltzen dutela ekintza eta jarduera ezberdinetarako: enpresen batzarrak egiteko, dantza entseguak egiteko, antzerki emanaldietarako, musika taldeendako, Udalak aurkezpenak egiteko… Antzuolarren aldetik eskaera handia egon da orain arte behintzat, pozgarria da hori.

Auzolana indartu gura duzue. 

Herritar batzuek, esaterako, bizikleta garbitzeko gunea nahi dute. Baina, Udala ezin da lan hori egitera iritsi dirurik ez duelako; hala, Udalak materiala jarriko du eta eurek gune hori martxan jarriko dute. Nire ustez, denon artean gauzak lortzea garrantzitsua da eta herritarrek behar eta nahi dituzten ekintza, ekimenak aurrera ateratzeko bide ona da.

Bergararako bidegorria noizko?

Diputazioko planoetan, hiru proiektu batera doaz: autobia, ur-zikinak araztegira eramateko lanak eta bidegorria egitea. Azken 25 urteetan gauzatzeko zain gaude. Bergarako alkatearekin, Diputaziora joango gara bidegorria egiteko eskaera berria egitera.

Eta ur zikinak, beraz, noizko?

Hori ere Diputazioaren arabera. Ur zikinak jasota daude, baina Bergarara eramateko lanak falta dira. Gauza bat hasten denean egiten beste bat apurtu behar da; beraz, lanak batera egin behar dira; izan ere, paraleloki doaz autobia, bidegorria eta ur zikinen proiektuak. 

Atez atekoak urtebete.

Oso balorazio positiboa egiten dugu; herritarrengan harrera ona izan du eta %90 birziklatzea lortu da Antzuolan. Sarrerak eta gastuak positiboan geratzen dira: hondakinak jasotzearren kostua igotzen da, baina honen tratamendua askoz ere merkeagoa da eta ontzi arinen kopurua gainera bikoiztu egin da. Ingurumena, osasuna eta heziketa ona lortzen dela baloratu behar dugu. 

PSE-EE eta EAJ esan eta esan ari dira Antzuolan %40 zabor gutxiago batu dela. Nolatan?

Hondakinen %40 gutxiago batu zela aipatu genuen datuetan; baina berehala akatsa izan zela esan genuen. Alderdi sozialistak eta EAJk datu hori erabili dute aurka egiteko. Krisiagatik jaitsi da hondakinen bilketa, eta %2an kokatzen da egun. 

Dendetan paperezko poltsak emateko kanpainarik egingo duzue?

Mahai gainean dugu, baina oraindik ez dugu ezer erabaki; ezta mankomunitatean ere. Poltsa biodegradableak Lapatxen arazoak eragiten ditu; beraz, ondo aztertu beharreko gaia da. 

Euria egiten duenean kartoia eta papera busti egin daiteke, estalkirik jartzeko asmorik?

Ez dugu planteatu. Herritar talde batek, esaterako, gai honi irtenbidea eman guran, papera edukiontzi urdinera eramatea adostu du. Gero, hortik, ateratzen dute txandaka. Horrelako soluzioak bilatzeko esango nieke.

-----------------

Herritarrak alkateari galdezka

Ze harreman dauka Udalak gaztetxearekin? Nola kudeatuko du? "Gaztetxearen eta Udalaren arteko harreman ona da. Eurek kudeatuko dute. Orain arte ikusi da lan ausarta egin dutela eta gogotsu egindako lana izan dela. Udalak eraikina ordaindu du; baina aurrera begira auto-kudeaketa egingo dute eta mantentzeko gai izango dira. Demostratu dute iniziatiba badutela. Errekak garbitzeko ekimena, adibidez, eurek bultzatutakoa da. Gainera, eurek margotu gura izan dute eta laster zabalduko da, dena prest dutenean". 

Buztinzurin autobusak trabatuta geratzen dira, noiz konponduko da? "Herritarrek autoa gaizki aparkatzen dute. Plastikozko hesi zuri-gorriak jarri ziren autoak ez aparkatzeko Buztinzurin. Aguazilaren eskumena ez da isunak jartzea eta Udaletik Ertzaintzari deitu behar diogu autobusa ezin pasa geratzen delako. Antzuolan ez dago aparkatzeko arazorik, Sagasti auzoan tokia dago. Baina ohitura txarra dago. Autobusa, esan bezala, herritik ateratzea da asmoa, honi irtenbidea emateko".

Eskola aurreko parkean dauden zintzilikarioak noiz aldatuko dituzue? "Edukiontziak zeuden tokian jarri genituen hondakinak batzeko zintzilikarioak; baina kale horretako bizilagunekin hitz egin dugu, nora aldatu erabakitzeko: batzuek Buztinzurin eta beste batzuek Ondarre plaza inguruan nahi dituzte. Bideratzear gaude. Guraso talde berak ere, parkeko ziburuak berritzeko eskaera egin digu. Egoera txarrean daudela ikusita, egindako eskaerari erantzungo diegu eta ziburu berriak jartzen saiatuko gara".

-----------------

Oposizioaren balorazioa

Maria Eugenia Arrizabalaga (EAJko zinegotzia): "Urtebete pasa da ia udaletxe berria eratu zenetik. Bilduk gehiengo erosoa du eta erabakiak hartzeko zailtasunik ez; ez du inorren beharrik. Baina Antzuolako herriko etorkizuna markatuko duten proiektuak falta dira; herritarrei onurak ekarriko dizkien proiekturik ez dago. Politika orokorrari dagozkion mozioak landu dira osoko bilkuretan, eta ez, aldiz, herriari onurak ekarriko lizkioketen asmo eta proiektuak. Udalaren egoera ekonomikoa ere latza da 2008ko maileguen ondorioz, eta inbertsioetarako ez du".

Alkatearen erantzuna: "Industrialdea eraikitzea, eskolako haurren parkea, Antzuola Sagastiko biala, herria energetikoki efizientea izateko proiektua, ur zikinak Bergarako araztegira eramatea, Antzuola-Bergara bitarteko bidegorri tartea egitea... proiektuak asko dira eta ditugu, eta ahalegina egingo dugu, noski, baina dirurik ez dago. Hankak lurrean jarri behar dira; dugun aurrekontuaz ez dago dirurik. Proiektuak izan arren, zaila da horiek aurrera eramatea".

-----------------

Oposizioa alkateari galdezka

Herriko enpresen zerga ikuskaritza programa zertan da?Batutako diruaz zer egiteko asmoa du Udalak? "Enpresa zergak Udalarekin eguneratuta izateko helburuaz jarri zen ikuskaritza aurreko agintaldian; proiektuak eguneratzea, jarraipena egitea da asmoa. Baina oraindik ez da bukatu, ezin da esan zenbat diru batuko den eta zertarako erabiliko den".

AHTren obra herritik pasatzen da. Herriak zein onura izango ditu? Noizko industrialdea Antzuolan? "AHTk eragindako txikizioa ezin da inola ere ordaindu. Industrialdea lortzeko lanean bagabiltza. Bere garaian, Ipurtikan planteatu zen egitea, baina Jaurlaritzak inguru babestu izendatu du. AHTkoekin hitz egin dugu Ertzilla inguruan ere egiteko. Baina hemen lanak martxan daude eta ezin da ezertan hasi. Irain aldean ere planteatu diegu; erantzunik ez dugu jasotzen". 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak