Zelan sartu zinen politikan?
Nire erabakia izan zen; beste garai batzuk ziren. Nire barruak eskatu zidan politikan sartzeko.
Egoerak bultzatu zintuen, beraz?
Burgosko Prozesuaren garaia oso gogoan dut. 12 urte nituen eta gogoratzen dut nire burua Donostiako Jose Maria Usandizaga institutura bidean; isiltasun handia zegoen kaleetan, grisak furgonetetan... Beldur eta ezjakintasun handiz gogoratzen dut hura. Gogoan ditut institutu aurrean belarretan eserita eta eskua altxatuta ikasleek egiten zituzten batzarrak. Gero, Bergarako institutua ireki zuten eta herrira itzuli nintzen. Laster EHAS, Konbergentzia eta HASIren garaiak etorri ziren. Lagun asko eta asko iparraldera ihes eginda, Euskal Herriaren alde ia edozer gauza egiteko prest zegoen jendea.
Eta 1987 hartan, Udalean sartu zinenean, zein zen egoera? Zein ziren tira-bira nagusiak?
Zatiketa politiko handiko garaiak ziren: batetik, Espainiako erreforma politikoaren aldekoak Euskal Herrian trantsizioa inposatu nahian zebiltzan, Euskal Herriaren eskakizun historikoen gainetik. Abertzaleen indarrak oso zeuden zatituta; EAJren eta EAren artean liskar handiak zeuden. Ezker abertzalea batasun proiektua egonkortzeko lanetan zebilen. EE, berriz, PSEn sartu aurreko azken uneak bizi izaten ari zen. Antzuolan alkatetza Herri Batasunaren esku gelditu zen bozketa ondoren, boto gehien jaso zuen taldea izanik, hiru zinegotzi genituen, EAJk beste hiru, EAk eta PSEk bina eta bat EEk. Gure taldeko buru zegoen Juan Ignazio Agirre alkate aukeratu genuen.
Gazteria eta Euskara zinegotzi izan zinen… Zein behar nagusi ikusi zenituzten bi arlo horietan agintaldia hasi zenutenean?
Gazteen beharrei erantzuteko sortu zen Gazteria batzordea, gazteen parte-hartzearekin. Gaztetxeari ere izaera egonkorragoa eman genion. Euskara batzordea ere sortu genuen, euskararen indartzea eta normalizazioa bultzatzeko. Euskara teknikariaren lanpostua ere sortu genuen.
Arantzatxorik gelditu zitzaizun? Egin gabe gelditu zen zerbait...
Nahiago dut gauza positiboak gogoratu. Herrigintzan lortutako adostasunekin gelditzen naiz. Momentu txarrak ere bizi izan genituen; zoritxarreko uholdeak, esaterako. Sarraski handia eragin zuten. Eskerrak kalte materialak soilik eragin zituela! Dendak, etxeak, erreka inguruak, ortuak eta abar birrinduta gelditu ziren. Horren aurrean, baina, herritarren erantzuna berehalakoa izan zen; azkar antolatu eta lanean hasi ginen. Kanpotik ere heldu zen laguntza: Bergaratik, Ataundik, Bizkaiko Ugaotik...
Kultura batzordean ere izan zinen… Herri txikia izanik ere, kultur jarduerek garrantzia dute herri guztietan. Zein jarduera nagusi bultzatu zenituzten?
Olaran etxea Udalaren esku gelditu zen, herriko kultur ekintzetarako.
Nola gogoratzen dituzu urte haiek?
Lan handiko urteak, haserreak eta pozak... Aldiz, urte erabakigarriak izan ziren eremu asko eta askotan. Gaur gauden tokian egoteko ezinbestekoak izan ziren ordukoak. Ez ziren garai errazak, ez horixe! Ni gazteena eta emakume bakarra nintzen. Poliki-poliki bagoaz hor ere aurrera. Orain emakume bat dago Antzuolan alkate.
Sartuko zinateke berriz ere politikan?
Dena da politika, bakoitzak dagokion tokian lan egin behar du. Udalera bueltatuko ote nintzatekeen? Ez. Orain beste lehentasun batzuk ditut. Gainera, zorionez, herrian gazte dinamiko asko dago. Guk gurea egin genuen, haien txanda da orain.