Josu Ormazabal, Pausokako presidentea: "Jaiotza-tasa ikusita, eskola txiki geratu da"

Usoa Agirre 2011ko abe. 9a, 12:39

Joan den urriaren 20an egin zuen urteko batzar orokorra Pausoka guraso elkarteak eta bertan erabaki zituzten bi urterako sei kide berri, baita presidente berria ere. Josu Ormazabalek hartu berri du kargu hori eta elkartearen asmoez aritu gara harekin.

Kide berriak dituzue orain elkartean.
Urrian egindako urteko batzarrean sei kidek laga zuten elkartea eta beste sei sartu ziren: Pedro Iturbe, Aitor Azkarate, Aitziber Iztueta, Olatz Lezeta, Maite Aristi eta Ander Murgiondo. Bigarren urtea egingo dugu Agurtzane Ollokiegik, Jon Legorburuk, Carlos Sebalek, Ainhoa Berezibarrek, Gurutz Zabalok eta nik neuk. Hamabi kide gaude eta sei lantalde ditugu; bi lagunek parte hartzen dute lantalde bakoitzean.

Ikasturte honetarako ze ekintza dituzue esku artean?
Badaude ekintza batzuk urterokoak direnak: Santo Tomas egunerako txistorra gertatzea, Gabon eguneko Olentzeroren kalejira, Inauterietan torradak eta txokolatea gertatzea eta Antzuolako jaietako eguenean bazkaria prestatzea. Horrez gain, kurtsoan zehar lehen sorospeneko eskola antolatuko dugu 6. mailakoendako eta igeri-ikastaroa egingo dute 2., 3. eta 4. mailetakoek maiatzean. Hiru asteko ikastaroa izango da eta aurten Bergaran egingo dute. Bestalde, hitzaldiak egiteko asmoa ere badugu. Haurreskolan psikopedagogiaren gaineko hitzaldiak egiten ari dira eta eskolako guraso guztiendako nahi dugu gai horren gaineko hitzaldia antolatu.

Eskola kirolean ere gurasoak aritzen dira entrenatzaile lanetan.
Entrenatzaile lanetan ari diren gurasoak boluntarioak dira; gela bakoitzeko gurasoei egiten zaie deia parte hartzeko.

Jangelako janariaren gaineko kezka ere azaldu zenuten.
Jangelan eskaintzen diren jatorduetan ahal dela bertako produktuak erabiltzeko eskaera egin genuen Hezkuntza Sailean. Baina oraindik ez digute horren gainean ezer erantzun. Guraso batzuek kezka azaldu zuten eta galdeketa egin zen gainerako gurasoen artean. Kezka zabalagoa zela jakinda egin zen eskaria.

Eskola txiki geratzen ari dela ere aipatu izan duzue.
Bai. Urteotako jaiotza-tasei begiratuz gero, ikusten da bi urte barru ez direla ume guztiak sartuko eskolan. Pausokak, eskolak eta udalak osatzen duten herriko eskola kontseiluak egina du eskaera Eusko Jaurlaritzan eskola handitzeko. Horretarako beharra ikusten dute Jaurlaritzan, baina datorren ikasturtean ere horrela jarraitu beharko dugu, orain daukagun eraikinean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak