Artisau-lana izan da grabazioa.
Bai. Ez da estudioko grabazio normala izan. Instrumentu pistak poliki-poliki gehitzen joan gara eta, kasu askotan, grabazioarekin batera kantuen konposizioa ere ixten joan gara. Oso prozesu luzea izan da.
Diskoa abstraktua, poetikoa da.
Letrak Jon Pinillos Pinik-ek egin ditu. Oso pertsonalak dira, bere bizipenak kontatzen dituztenak, kasu askotan abstraktuak eta fonetika asko landutakoak. Gure ustez, oso lan ona egin du.
Psikodelia, rocka... non sentitzen zarete erosoen?
Ba, egia esan, galdera zaila da erantzuteko. Norbaitek hasiera baten esan zigun rock melodiko progresiboa egiten genuela, beste batek psikodelia puntu bat geneukala –The Doors eta Itoizen arteko nahasketa– eta aspaldian esaten digute nahiko ilunak garela, melodiari eta batez ere letrei erreparatuz. Egia esan, etiketa horiek guztiak aitortu eta onartzeko moduan gaude. Denon arteko ideien nahasketaren emaitza da.
Taldea aldatu, heldu egin da.
Taldea martxan jarri genuenetik, 2005a ezkero, bik bakarrik segitzen dugu hasierako kideetatik –Asier Alkorta gitarra eta Iongu Biteri teklista–, eta, normala den moduan, musikalki ere igartzen joan da. Hasiera baten, 70eko hamarkadako bertsio rockeroak jotzen genituen; gerora, gure estilo propioa aurkitu eta maketa atera genuen, eta orain, gure bigarren lana. Konposizio aldetik lan berri honetan aurrerapausoa izan dugula pentsatzea gustatuko litzaiguke.
Zazpi kantu ezberdin.
Kantu guztiek estilo propioa dute; musikalki disko aberatsa da. Kantu progresiboak ditu: Hiri galdua, Satoriztuna; dantzagarriak: Sukuboaren bisita; motelak: Ziklo baten istorio txikia; eta rockeroak: Atrako, kantu ezberdinena. Igor Susaetak egin digu letra.
Nahasketak eta masterizazio lanak Bartzelonan egin dituzue.
Uste baino luzeago joan da. Joseba Iturbe Bartzelonan egoteak eta gu Euskal Herrian ez ditu gauzak erraztu, egia esan. Baina emaitzarekin gustura gaude!
Ze harrera izan du diskoak?
Orain arte komentatu digutena oso positiboa izan da. Antzuolan aurkeztu genuen diskoa eta harrera beroa izan genuen. Guretzako zuzeneko berezia izan zen; uste dugu jendea gustura egon zela!
Zuzenekoetarako Itoitzen Foisis jauna berreskuratu duzue.
Jendeak hala eskatuta Antzuolako zuzenekoan bis-ean jo genuen. Foisis jauna abesti borobila da guretzako eta horregatik jotzen dugu kontzertu askotan. Pena da gure abestia ez izatea...
Zuek ekoiztu duzue, eta banatu.
Bai. Mila kopia jarri ditugu salgai: Antzuolan, Surpe eta Mox tabernetan; Arrasaten, Ekaitzen; Bergaran, Etxagin; Oñatin, Akerren; eta Urretxun, Ku eta Intrepid Fox tabernetan, 5 euroren truke.