Soslaia |
Duela 44 urte Zumaian jaioa da Maria Eugenia Arrizabalaga. Zuzenbidean lizentziatua, gaur egun legebiltzarkidea da Gasteizen, eta Gipuzko Buru Batzarreko kidea. 2003-2007 urte bitartean Zumaiako alkate izan zen Arrizabalaga. Ez dauka seme-alabarik. Goiena telebistako Tertulia saioan parte hartzen du zumaiarrak. |
Zergatik zaude politikan eta noiztik?
Betidanik gustatu izan zait politika. Txikitatik esango nuke izan dudala politika zaletasuna, etxean ikasitakoa eta abertzaletasunean oinarritutako politika zaletasuna. EAJ-PNV izan da beti nire aukera politikoa, eta 1995ean, lehen aldiz, Zumaiako udal zerrendetan alderdiaren izenean aurkezteko aukera eskaini zidatenean, benetan diot, niretzat ohore handia izan zen.
Zer eskainiko dio EAJk Antzuolari?
Hasteko ni ez naizela antzuolarra berretsi behar dut. Jakina da, baina hala izanda ere, ez dut inola ere esan gabe utzi nahi. Gure alderdikideek ezin izan dute bertako herritarrekin lotu Antzuolarako udal zerrenda, eta exekutibatik, euren ahalegina eskertu ondoren, zerrenda aurkeztea erabaki dugu. Egia esan horrela egin behar izatea ez dugu ohikoa EAJn, baina horrela suertatu da.
Galderari helduz, zer eskaintzen diogu guk, EAJ-PNV-ek, Antzuolari? Lana egiteko estilo berezi bat, kudeaketan orokorrean eta udal gestioan konkretuki, esperientzia zabala. Eskarmentua politika ekonomiko eta sektorialetan. Politika orokorraren ikuspegitik, bakearen eta berradiskidetzearen aldeko apustu sendoa alde batetik, eta bestetik, udalerri mailan ere indartzen joan behar dugun kontzientzia nazionala, herri izaera eta erabakitzeko eskubidearen defentsan. Udalaren egoera ekonomikoaren diagnosi serio bat egin beharra dugu eta hortik abiatuta herriarentzat etorkizunerako proiektuak planteatu, beti ere (eta gure kasuan bereziki beharrezkoa izanik) herritarren iritzia oso kontutan hartuz.
Programaren ardatz nagusiak, alorrez alor eta labur-labur.
Gure jarduerak lerro nagusi bat izango ditu: antzuolarren zerbitzura jarri udal baliabideak, gizarte politika eraginkorra eginez behar handiena dutenak inoiz bazterrean utzi gabe. Justizia Soziala dugu ikur nagusi.
Gainontzeko herri guztiekin gertatu den bezala, Antzuolan ere aurrerapen handia eman da bai azpiegituretan bai zerbitzuetan azken agintaldietan. Inolaz ere ezin gara despistatu, eta krisi ekonomiko garai honetan zuhurtzia handiarekin jokatu beharra daukagu, daukaguna iraunkorra eginez eta etorkizunerako aurrerapausoak emanez. Herriak dituen aukerak landu behar ditugu, ekonomia abartuz, turismoak eskaini ditzakeen aukerak landu, bereziki landa turismoak; etorkizunerako prestatzeko industria eremu baten beharra ere sumatzen dugu. Komunikazio teknologiak hedatu behar ditugu, baita energia iturri alternatiboak ere.
Ingurumena zaintzea ere gure lehentasuna izango da. Eta horretan oso kontutan hartuko ditugu baserritarrak eta beren beharrak, Landa Garapen Programaren jarraipena eginez. Pinudiek bizi duten egoera ere kezkagarria da, eta arazo horri ere arreta eskaini beharko diogu.
Antzuola herri euskalduna da. Hala ere beti izango dugu zeregina gure hizkuntzaren ezagutza eta, bereziki, erabilpena sustatzeko. Herriko kaleak bizitzaz beteak nahi ditugu, kultur eta aisialdiko programazioa horretarako inportantea izanik.
Bukatzeko, herriko baliabide propioak funtsezkoak izanik zaindu egin beharko ditugu. Baina horretaz aparte, beste erakundeekin lankidetzan jardutea ere ezinbestekoa izango dugu. Inguruko herriekin, Landa Garapen Elkartearekin … baina bereziki, Foru Aldundiarekin, LandaGipuzkoa programa berriaren barne.
Zeintzuk dira, zure ustez, Antzuolak dituen premia nagusiak?
Krisiari aurre egiteko neurriak, udal zerbitzuak bermatu eta hobetzea, garraio publikoa eta etorkizuneko aukera berriei bide ematea.
Zer da Antzuolatik gehien gustatzen zaizuna?
Oso herri txukuna da Antzuola, polita, kokapenak eta bere tamainak izaera berezia ematen diotela iruditzen zait; asko gustatzen zaidan beste ezaugarria zera da, bestelako neurketarik egin gabe Antzuolako herriak duen euskaldun izaera berehala sumatzen dela.
Eta, gutxien?
Ez dut aukerarik izan gustatzen ez zaidan ezer ezagutzeko. Ariketa egin beharko banu, eta ezinbestean erantzun beharrez banengo…, itsasorik ez daukala? Broma da. Itsasoa bezain beste atsegin dut mendia.
Atez-atekoa jarri da martxan orain dela gutxi Antzuolan. EAJ 5. edukiontziaren aldekoa izan da. Zabor bilketaren inguruan, zein izango da zure jarrera?
Entzun dudanez atez-atekoa informazio gehiegirik gabe eta herritarren partaidetza kontutan hartu gabe ezarri da. Dena den zerbait argi utzi nahi nuke: atez-ateko sistema zabor bilketa sistema da, ez zabor kudeaketa sistema. Zein da nire ikuspegiko duen eragozpen handiena? garestia izatearena. Kostuen aldetik ez da sistema iraunkorra. Zumaian 5. edukiontzia dugu, eta gurean ez da apenas zabor errefusarik egiten. Dena birziklatu, dena konpostatu, baina herritarrarentzat era erosoa eta merkeago da. Ezer baino lehen egiazko balorazioa egin beharra dago, eta benetako zenbakiak ezagutu (diru kontuak eta zabor kopuruari dagozkionak).
Alkate irtengo bazina, egingo zenukeen lehenengo gauza zer izango da?
Zalantzarik gabe, udal langileak ezagutu, eta teknikariekin luze jardun udal egoera ekonomikoa aztertuz, ohikoak diren programak eta politikak xehetasun osoz aztertuz, egon daitezkeen proiektuak sakonean ezagutuz… eta hurrengo egunetik, herriko eragileekin eta herritarrekin egon.
Zure hautagaitzak haserrea eragin du Antzuolako EAJko ordezkarien artean. Nola uste duzu hartuko zaituztela herritarrek? Hau da, zein izango da herritarren jarrera?
Beno… berez Antzuola herri inportantea da, eta orain lau urte boto emaileen %30ak EAJ-PNVrengan ezarri zuen bere konfiantza. Horregatik hartu dugu oraingoan ere zerrenda aurkezteko erabakia. Baina gauza bat esan nahi dut, eta argi utzi: Antzuolako herriari eta antzuolar guztiei begirune osoz eta apaltasun osoz zuzentzen gatzaizkie. Ni neuk eskarmentua daukat udal jardueran, baina Zumaian, egia da. Antzuolan aurreneko egunetik hasita ikasi beharra daukat. Ikasi eta ezagutu. Apaltasunez eta begirunez nire lana eskaini dezaket eta nire borondate ona, eta horrela egiten dugu, gainontzeko zerrendakideok eta ni neuk, denok EAJren izenean.
Gertutik |
Herriko txokorik gustukoena: Udaletxe pareko plaza oso polita da. Zein webgune bisitatzen dituzu? Ezinbestean Legebiltzarrekoa eta Jaurlaritzakoa; Gipuzkoa Buru Batzarrekoa eta Markel Olanoren bloga jarraitzen dut. Bestalde, hainbat komunikabidetakoak. Irakurri duzun azken liburua? Purga, Sofi Osaken-ena. |