Carlos Urrestarazu, Antzuolako PSE-EEren alkategaia: "Konpromisoa hartzen dut atez ateko sistema kentzeko lan egingo dudala"

Usoa Agirre 2011ko api. 28a, 08:00

55 urteko donostiar hau izango da PSE-EEren Antzuolako alkategaia datozen udal hauteskundeetarako. Hiru seme ditu, bikotearekin bizi da eta enpresa publiko bateko gerente da gaur egun.

Soslaia

Duela 55 urte jaio zen Donostian eta bertan bizi da. Bikotea eta hiru seme ditu. Zuzenbiean lizentziatua da eta, horrez gain, artekaritza eta PNL ikasketak egin ditu. Ordizian egiten du lan bertako enpresa publiko bateko gerente moduan.

Zer eskainiko dio zure alderdiak Antzuolari?

Konpromezu politiko bat hartu dut eta hiritarren bizi-kalitatea hobetzeko lan egiten dut, nik ditudan aukeren arabera, beti ere. PSE-EErekin eta hiritarrekin dudan konpromezu horretan, nire burua eskaini nuen udalerri mailan lan egiteko eta partiduak eskaini zidan Antzuolako zerrendaburu joatea. Erronka hori harro eta arduratsu jaso dut eta espero dut nire kudeaketan itzalak baino argi gehiago egotea.

Zehaztu itzazu zuen programaren ardatz nagusiak sail bakoitzerako.

Hiritarren eguneroko benetako beharrei aurre egingo dien proiektua aurkeztuko du PSE-EEk Antzuolako Udalerako. Ziklo ekonomiko berri honetan, gure helburua da udalerri hau lehiakorragoa egitea, lehentasuna emanez gastua proiektu estrategikoetan egiteari eta xede sozialak dituen ekonomia produktibo batean inbertsioak eginez, antzuolarren bizi-kalitatea hobetzeko.

  • Etxebizitzak: Gure helburua da instituzioen arteko akordioak bultzatzea, etxebizitza eskuragarriak eta kalitatezkoak sortzeko.
  • Hirigintza: Hirigintzarako politika berri bat proposatzen dugu Antzuolaren handitzea txukuna eta razionala izan dadin. Hala, biztanleei bizi-kalitate handiagoa eskainiz eta bateragarri eginez hiri izaera ingurugiroarekin.
  • Gizarte ongizatea: Antzuolako Udalak Gizarte Ongizateko sailari lehentasuna eman diezaion nahi dugu, giza-baliabide eta material gehiago harriz, hiritarren beharren arabera.
  • Kultura: Herritarren arteko integrazio eta kohesiorako faktorea izan behar du kulturak eta ateak ireki behar dizkio jakintzari, baita interesa eta sormena piztu ere.
  • Gazteria: Gazteak, Gipuzkoako oraina eta etorkizuna direnak, lan merkatuan txertatu behar dira.

Zein uste duzu dela Antzuolak duen beharrik handiena?

Langabezia da beharrik handiena eta sozialiston erronka da abagune ekonomiko honen gidaritza hartzea, eragile sozial, ekonomiko eta instituzionalekin kolaborazioa bilatuz denok batera indarra egin dezagun. Denok batera lan egin behar dugu eta krisiaren aurrean laguntalde bat izan. Gure leloa da edozein lan hobe dela lanik gabe egotea baino.

Gainera, Antzuolak dauka askatasun publikoen defentsa aktiboki lideratzeko beharra, demokraziaren eskola bihur dadin, legealdi hau hasi zenean sozialistok giza eskubideen alde egin genuen moduan. Antzuolak Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin dituen erlazioak berrezarri behar ditu. Udalerri honek ezin du Foru Aldundiak ahaztutako udalerri izaten jarraitu, “beraietakoak” gobernatzen ez daudelako. Antzuolak ezin du Eusko Jaurlaritzarekin Etxebizitzarako Itun handi bat egiteko aukera bazterrean utzi, etxebizitza libre batean sartu ezin duten gazteak aukera barik utziz babes publikoko errentako etxebizitza bat lortzeko.  

Zer da Antzuolatik gehien gustatzen zaizuna?

Antzuolak ahalmen handia du denbora berrietara egokitzeko eta lehiakor izateko. Gainera, bizilagunen ongizatea jokoan dagoenean, zenbait jarrera “partidista” alde batera laga eta kontsentsu eta akordioak lortzeko gai den herri bat da.

Eta gutxien gustatzen zaizuna?

Askatasun publikoen defentsa aktiboarekiko egon den utzikeria politikoa eta arduragabetasuna.

Esan duzu atez ateko hondakinen bilketa sistemaren kontra zaudela. Zergatik?

Atez atekoa hondamendi bat da eta konpromezua hartzen dut atez ateko sistema kentzeko lan egingo dudala. Sistema honek lortu du lehen birziklatzen zuen jendeak orain zaborra beste udalerri batzutara eramatea. Espero dut Antzuolak zentzutasuna berreskuratuko duela eta datorren legealdian bosgarren kontenedorea ezarriko dela. Atez atekoak zaborraren bilketaren kostua hirukoiztu egin du, gainera zikina da, konplikatua eta inprobisatua. Intimitatearen galera dakar eta “zaborraren turismoa” deritzona eragin du.

Ze alternatiba aurkeztuko zenuke hondakinen bilketarako?

Atez ateko sistema burugabearen aurrean, sozialistok bosgarren kontenedorearen aldeko apustu egin dugu. Antzuolan pasa da borondatezko sistema batetik, ordutegi eta egutegi batzuk derrigorrez betetzera, hori egiten ez duena identifikatu eta zigorrak ezarriz.

Nola irudikatzen duzu Antzuola ideala?

Etxebizitza eskuratzeko alternatibak dituen Antzuola, ondo urbanizatua, auzoak ondo hornituta, merkataritza aktibo batekin eta kolektibo ezberdinei kultur eta aisialdi arloko alternatibak eskaintzen dizkiona. Eta bertako bizilagunak lanean.

Alkate izendatua izanez gero, zer da lehenengo egingo duzuna?

Antzuolako alkate moduan lehenengo minututik herriko elkarteei eta gizarte zibileko ordezkariei dei egingo nieke Udalaren egoera ekonomikoa aztertu eta gobernu programa aurkezteko. Hala, epe bat zabalduko nuke ekarpenak egiteko eta gobernu programa bat egiteko, eginbide zehatzekin eta antzuolarren gehiengoaren onespenarekin, kudeaketa garden eta parte-hartzaile bati hasiera emanez. Hori da sozialistok hauteskunde hauetan lehiatzeko dugun pentsamoldea: zerbitzu publikoko bokazioa eta hiritarren interes orokorren defentsa. Antzuolarrak eta euren arazo eta burukominak jarri nahi ditut lan politikoaren erdigunean. Izan ere, euren ongizatea eta krisiaren eta langabeziaren aurkako borroka aktiboa dira gure lehentasunak.

Gertutik

Herriko txokorik gustukoena: San Juan Bataiatzailearen eliza.

Herritar erreferente bat: Jose Luis Sampedro.

Pertsonaia historikoa: Pitagoras.

Telebistako saio bat? La Sextako telesail batzuk. 

Sare sozialetan ibiltzen zara? Ez.

Irakurri duzun azken liburua? El factor humano.

Egunkaririk erosten duzu? El Diario Vasco eta El País.  

Eta irakurri? Gainerakoak Interneten irakurtzen ditut.

Interneten, ze webgune bisitatzen dituzu? Bilatzen nabilenaren gaineko informazioa ematen didatenak.

Abesti bat? Puente sobre aguas turbulentas.

Mania bat? Irratiko albisteak entzutea jaiki bezain pronto. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak