Espainia mailako dibulgazio sari bat Antzuolara

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko mar. 11a, 09:36

Elhuyar Fundazioak ekoiztu eta ETBk eta Goiena Telebistak ematen izan duten Teknopolis programako monografiko batek, Bioteknologiaren Dibulgazio-saria irabazi du. Saritu duten saio monografikoaren izenburua da Bizia laborategian ernaltzen denean. Hiru lagunek egin dute erreportajea, horien artean, Beñardo Kortabarria antzuolarrak (argazkian, erdian). Saioa emititu zenean Maider Egües mondragoetarra zen aurkezlea eta lan taldean Bego zubia ere bazegoen, hau ere Mondragoekoa.

Asebio/Genoma da sariketa. Espainia mailan antolatzen da eta helburua du bioteknologia dibulgatzea. Expansión, Cinco Días eta Público paperekoetako lanak ere saritu dituzte. Teknopolis saioko erreportajea Nagore Rementeriak eta Alaitz Otxoa de Eribek egin dute, Beñardo Kortabarriarekin  batera. 3.000 euroko saria da. Sari nagusia. Epaimahaiak aitortu du lanaren kalitatea, argi aurkeztu izana, dokumentazio lana, gaiaren gaurkotasuna eta dibulgaziorako erakutsitako dohaina. Era berean, ekonomian eta, oro har, jendartean, bioteknologiak sortzen dituen onurak zabaltzeko erakutsitako dohaina.

Maiatzean banatuko dituzte sariak Madrilen.

"Oso pozik"

Beñardo Kortabarriak oso pozik hartu du sariaren berria. "Programa txikia izanik, ia promoziorik ez duena, programazioan galduta dagoena... horrelako sariek aurrera egiteko indarra ematen digute" esan du. Bestetik, "gure helburuetako bat dokumentalak egitea denez, monografiko hau dokumental klabean eginda dagoelako". Eta, azkenik, elkarlanean egina izan delako "gure artean, adituekin, eta, batez ere, dokumentalari arima ematen dioten familien aldetik. Beraiei eskertu eta eskaini nahi diegu bereziki sari hau". Baita "Teknopolis-eko lantalde osoari eta Elhuyar Fundazioko kideei" ere.

Zer kontatzen da?

Baina, zer kontatzen da, dokumentalean? Gutxi lagundutako ugalketari buruz hitz egiten da, hasi in vitro ernatzetik eta gaur egungo tekniketaraino. Eboluzioa, tekniken deskribapena, obuluen eta obozitoen hautaketa, manipulazio genetikoa…

"Hemengo zentro publiko zein pribatuetan egiten diren teknikak erakutsi genituen, eta egiten ari diren ikerketak ere bai" diosku Kortabarriak. Horrekin batera, estatu espainiarrean lehen haur-probeta ekarri zuen ikertzailea ere elkarrizketatu zuten, Bartzelonako ikerketa zentroan.

Bi familiaren istorioa

Aurreko guztia alde teknikotik begiratuta, ze bi familien istorioen bidez kontatu zuten hori guztia. Familietako batean, istripu baten ondorioz gurpildun aulkian eta ejakulazio-ezina zuen pertsona baten kasua zuten. Ezkondu eta gero, Gurutzetako ospitalean erabilitako teknikei esker hiru alaba izatea lortu zuten. Beste kasua, mutiko bat izan zuen bikote batena zen. Mutikoak giltzurrunetako gaixotasun bat zuen, genetikoa, herentziazkoa eta sendaezina. Bigarren haur bat ekartzea erabaki zutenean, arazorik ez izateko laborategian neska edukitzeko prozedura egin zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak