Antonio Deogracias: "Aurretik erretiratua naiz, baina ez daukat gogorik erretiratua naizela esateko"

Mireia Bikuña 2011ko ots. 26a, 01:00

Antonio Deogracias (1949, Quintana de la Serena, Badajoz) 13 urterekin heldu zen Antzuolara. 14 urterekin hasi zen lanean, eta aurretik erretiratua da. 1960ko hamarkadako musika, mozorroak eta dantza egitea atsegin ditu. Elkarrizketa bukatu orduko autoa hartu eta Zumarragara joan zen mozorrorako osagarri baten bila.

Mozorrorako azken detaileak falta zaizkizu.
Malaya auzia-ren gaineko mozorroa egingo dut. Azken detaileak falta zaizkit. Belarritako batzuk egin nahian nabil, baina ez dut materialik topatzen. Ezin dizuet xehetasun gehiagorik eman. Aratuste-domekan irtengo naiz kalera. Mozorro ikusgarria egin gura nuen, ondo agurtzeko...


Mozorrotzen zaren azken urtea izango da orduan?
Agian bai. Gehienetan bakarrik  mozorrotzen naiz. Nik egiten dut guztia, eta gaia lantzen hasten naizenean, aurreko mozorroa hobetzen ahalegintzen naiz. Horrek guztiorrek burukomin asko sortzen dizkit. Oso zorrotza naiz mozorroekin.


Nondik datorkizu mozorrotzeko zaletasuna?
Txikitatik. Francoren garaian nire bizilagunak mozorrotu egiten ziren, Guardia Zibila agertzen zen arte. Orduko oroitzapenak ditut.


Mozorroak zuk egiten dituzu?

Begira, 45 urte egin dut lan Algodonera San Antonion. Behin irakurri nuen joskintza ikastaro bat egingo zutela Zumarragan, eta izena eman nuen. Arropak mozten eta josten ikasi nuen. Mozorroaren zati batzuk nik neuk egiten ditut eta beste batzuk, erosi. Osagarri batzuk, gura edo ez, erosi egin behar ditut. Mozorroa bera inportantea da, baina osagarriek ematen diote bizia. Adibidez, emakumez mozorrotzen bazara eta takoidun zapatak ipini arren ez badakizu ondo ibiltzen, mozorroak asko galtzen du. Orain dela urte batzuk, 42 zenbakidun takoidun zapatak erosi nituen, baina oso estuak ziren. Behin eta berriz estropezu egiten nuen.


Josten dakizunez, zure prakak zuk konpontzen dituzu?
Bai, praka luzeak baditut nik mozten diet barrena. Seme-alabek ere ekartzen dituzte arropak, eta, ahal dudan neurrian, nik konpontzen ditut.
Konponketa txikiak egiten ditut. Baina ez nuke alkandora bat edo gona bat muntatzen jakingo.


Los Brincos, The Beatles... Ze oroitzapen ekartzen dizu musika horrek?
Asko. 1960ko hamarkadako musika izugarria izan zen, oso ona. The Beatles taldearen musika Antzuolara ekarri zuen lehena izan nintzen. Kantu onak egiten zituzten. Hamarkada hartako musika gehiena gordeta daukat etxean.


Eta oraingo musikaz zer dakizu?
Ezer gutxi. Aldika entzuten dut abestiren bat eta pentsatzen dut hitz eta lelo politak dituela. Kantu batzuei 1960ko hamarkadako ukitua antzematen diet.


DJ lanak ere egin dituzu.
Behin bakarrik [Barre]. Anelkar gobernuz kanpoko erakundeak jai bat antolatu zuen eta musika jartzea eskatu zidaten. Oso gustura ibili nintzen 1960ko hamarkadako musika ipintzen. Aretoa ere orduko giroaz apaindu genuen. Egia esan, saltsan ibiltzea gustuko dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak