Okin beharrean Eibarren aritu zen, harik eta 1960an Antiguako errota erosi zuen arte. Bertan garia ehotu, ogia egin, eta banatu egiten zuen bere emaztearekin batera. Beste okin batek egiten zion konpetentzia Antzuolan. Egun egoera zeharo aldatu da...
Zure garaiko okin ereduaren aldaketa ezagutu duzu, nola ikusten duzu gaur egun sektore hau?
Ogia gero eta gutxiago kontsumitzen da, eta edozein lekutan erosi daiteke. Izoztutako ogiak labean erre, eta listo, horrek menderatzen du merkatua. Unean bertan jateko ona da, eta jendeak gauean etxera bidean erosten duen ogi berri-bero hori oso gustura hartzen da. Baina ikusi egin beharko da hurrengo egunean nola dagoen! Guk egiten genuen ogiak bi egun iraun zitzakeen jateko moduan, eta gaur egun ordea egunerako egiten da bakarrik.
Bezeroen perfila aldatuko zen orduan...
1960an errota erosi eta hemen ogia egiten hasi nintzenean, etxerik etxe ibiltzen ginen banaketak egiten. Garai hartan bezeroa fidela zen, zain egoten zen ogia noiz iritsiko, eta egunen batean atzerapenen bat edukiz gero, itxaron egiten zuten. Okinaren lana baloratu egiten zuten. Esan gabe doa, gaur egun egiten den ogia baino naturalagoa egiten genuela. Egurrarekin berotutako labeak geneuzkan, adreilu erregogorrekin egindakoak, eta horrek guztiak ere beste kutsu bat ematen zion ogiari.
Okinaren perfila ere aldatuko zen orduan.
Gure garaiko okinek ogiaren masa egiten bagenekien, baita labea zaintzen ere. Gaur egun ez dago profesionalik, masa bat iristen zaie, eta hori labean sartu, gradu jakin batean jarri, eta denbora pasatakoan atera. Gaur egun horrela funtzionatzen du.
Zure perfila ere aldatu da, orain erretiroa hartuta baitaukazu. Errotak erretiroa hartu du?
Bai. Martxan jarraitzen duen arren. Noizean behin arto irina egiten dut, tarteka lagunek etxeko irinarekin egindako taloak eskatzen dizkidate eta... Astirik ez daukat irina egiteko, eta edukita ere ez nuke nahi izango.
Erabateko erretiroa hartzeko zorian ere egon zen hala ere...
1988ko uholdeak errotan sekulako kalteak sortu zituen. Une hartan nahikoa estu nenbilen, baina beti eduki nuen gogoa errota ezagutu nuen bezala jartzeko.
Eta orain bisitak ere jasotzen dituzu.
Otsailean hasi eta apirilera arte astean bi bisita jasotzen ditut eskolako umeen partetik. Horiez gain, bestelako taldeak ere etortzen dira, helduagoak direnak. Besteak beste Eva Argiñano eta bere ostalaritzako ikasleak hemen egondakoak dira bizpahiru aldiz edo.
Errotarriak orain geldirik baldin badaude ere, lantoki bat ere daukazue, ala?
Bai. 1975. urte aldera, hemengo errotetako lana agortu egin zen, baserritarrek artoa eta irina egiteari utzi baitzioten. Orduan Bergaran beste okindegi bat hartu eta beste jokamolde bat hartzea tokatu zitzaidan. Hala ere arazoak izan genituen, eta okindegi hartan ogia egin ezinik geratu ginen.
Zergatik?
Bizilagunak kexatu egin ziren ke gehiegi sortzen zela, eta lekuz aldatu behar izan genuen. Beste hiru okin lagunekin elkartu eta elkarte kooperatiba bat sortu genuen Oñatiko Zubillaga poligono industrialean. Orain nire seme alabek egiten dute han lan.
Baina ez duzue ogia bakarrik egiten.
Lehen esan dizudan bezala, ogia gero eta gutxiago kontsumitzen da, eta hortik bakarrik ezin daiteke bizi. Hori dela eta, pastelerian ere aritzen gara. Ogia egiteaz gain, gaur egun gehigarriren bat produzitzea ezinbestekoa da biziraun nahi baldin bada.