Pedro Iturbe: "Martxo inguruan atez atekoarekin hasiko ginateke, gizarteratze kanpainaren ostean"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko aza. 17a, 16:45

Goiena magazinea-n izan zen Antzuolako alkate Pedro Iturbe martitzenean. Eneko Azkaratek eta Arritxu Barrusok egindako galderak erantzun zituen alkateak. Agintaldiaren gaineko balorazio positiboa egin zuen Pedro Iturbek Goiena Telebistan. "Hasierako egoera txarra zen, ilegalizazio baten ostetik sartu ginen eta udaletxe baten kudeaketaz hainbat ezjakintasun zeuden", azaldu zuen platoan. ELKARRIZKETAREN BIDEOA BARRUAN

Aurrera begira, zaborra batzeko atez ateko sistema izango da eginbeharreko nagusia. "Atez atekoaren aldeko autoa eginda dago. Komunikazioa eta proiektuaren ezarpena eta idaztea esleitzeko prozesuan daude orain. Aurreikusten dugu martxoa ingururako hasiko garela", esan zuen alkateak. Ordurako, herritarrekin landu gura dute gaia; hau da, sistema gizarteratu. Gaia herritarrekin eztabaidatu beharko ez ote zuten galdetuta, " gizarteratze kanpaina bat egon beharra dagoela uste dugu baina gure ustez gauzak ondo egitera goaz eta ez dugu zertan ibili gaia eztabaidatzen. Emaitzak hor daude: atez atekoak zaborren %80a birziklatzen du", azaldu zuen.

2011ko inbertsioak

Dagoeneko hasi dira udalean 2011ko aurrekontuak lantzen. Iturbek azaldu du 2010ekoen jarraipena izango direla. "2011ra begira hainbat arazo gehigarri izango ditugu. Gipuzkoako foru aldundiak asko murriztu ditu udaletxeetarako diru ekarpenak; egia da baita, azken inbertsioei, edo aurreko legealdian hasitako inbertsioei aurre egiteko mailegu baten beharra izan genuela eta eskatutako diruaren amortizazioak ordaintzen hasiko garela. Hortaz, asko zailduko da egoera", adierazi zuen alkateak.
Inbertsioen zertzelada bat eskatuta: "Aurten hasitako bidetik jarraituz baserrietako ur sarea lotzen jarraitzeko asmoarekin gabiltza; horretarako, diru partida bat jarri beharko dugu. Herriko muga arkitektonikoen inguruan lan txiki batzuk egiteko beste diru partida bat bideratuko dugu. Gaztetxearen obra egiteko lanak atzeratzen doaz baina pentsatzen dugu 2011n izango dela obraren exekuzioa".
Udal tasa eta zergei dagokionez, orain dela bi aste erabaki zuten zergak %4,5 igotzea. "Badakigu handia dela eta erabakia hartu genuenean ere kontziente ginen, baina egia da egoera oso larria dela. Bere garaian aldundiarekin plan finantzario bat lotu genuen eta guk, eta gainontzeko talde politiko guztiek, EAJ izan ezik, ulertu dugu egoerak hori eskatzen duela". Gaineratu zuen EAJk ez duela arduraz jokatu, eurek onartutako plan finantzario bati "uko egin diotelako".

Armarriaren gainean

Armarriaren gaineko eztabaida asko luzatu den galdetuta: "Guk uste genuen samurragoa izango litzatekeela; ez dugu uste asko zaildu denik baina bai luzatu. Eztabaida hauek hasi ginenean beste hainbat zalantza agertu ziren. 12 kanoien inguruko eztabaida izan arren, beste eremuak ere zalantzan jarri ziren. Agian, orain dela 300 urteko sinbologiak ez dauka zer ikusirik gaur egungo antzuolarrekin".
Kudeatuz programaren bitartez dabiltza lantzen gaia herritarrak: "20 lagun inguru dabiltza batzarretan, eta badirudi zerbait txukuna aterako dela. Denboran luzatzen ari da baina uste dugu zerbait polita ekarriko digula". Hurrengo bilera hilaren 23an izango da, 19:00etan Olaran etxean. Herritar denak gonbidatuta daude, politikariak izan ezik. Prozesua urte amaierarako bukatzea espero dute.

Aterpearen inaugurazioa

2010eko inbertsio handienetarikoa eskolako jolaslekuko aterpea egitea izan da. Hala, datorren egubakoitzean, hilaren 26an inauguratuko dute. 12:00etan izango da ekitaldi ofiziala, eta arratsaldean, 17:30ean jolasak eta txokolatada. "Guk ulertzen dugu erabilera askotako gune bat izango dela. Eskolako umeendako toki eroso bat izango da; baita ere balioko du herriko taldeek euren aktibitateak egiteko… edo edozein ekitaldi, bazkari, kontzertu…", azaldu zuen alkateak.

Bidegorri beharra

Herritarrek bidegorrien gainean egindako galdera izan zuen Iturbe alkateak zuzenean. Bidegorriei dagokienez, gaur egun zati bat eginda dagoela eta aurki inauguratuko dutela esan zuen alkateak. "Bestalde, Lapurzubitik San Antoniorako zatian kolektorea joango da, eta hori Jaurlaritzak egin behar du. Ikusten dugu denboran atzera doala, ez dakigu zergatik baina uste dugu egoera ekonomikoagatik izango dela", gaineratu zuen, "Errekalde eta San Blas artean bidegorri beharra dago; Aldundiari eta Jaurlaritzari egin dizkiegu eginbeharreko eskaerak", esan zuen.

Osakidetza eta Gaztetxea

Osakidetzako zerbitzua Torresoroara eroango da; prozesua gehiegi luzatu dela esan zuen alkateak, baina gaineratu du hori ona izan dela Udalarendako, sama finantzariogatik. "Udalak egin du eginbeharreko dena, orain Jaurlaritzaren esku dago". Urte bukaerarako eskriturak egitea espero du alkateak.
Hala, Osakidetza Torresoroara eramanda, Gaztetxea orain Osakidetza dagoen lekura eramango litzateke. Badabiltzala gazteekin lanean esan zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak