Ugarteren musika ezagutu eta entzuteko aukera izan da Torresoroan

Arritxu Barruso 2010ko ots. 28a, 21:13
XIX. mendearen erdi aldera musika sakratuaren berrikuntzaren aldeko mugimenduak indarra hartu zuen Hego Euskal Herrian; elizetako musika duindu beharra zegoela uste zuten berritzaileek, ukitu profano gehiegi zituelako. Horixe izan zen, hain justu ere, Alfonso Ugarteren borroka eta horixe jasotzen du atzo Antzuolako Torresoroa aretoan aurkeztu zen 'Alfonso Ugarte (1879-1937) eta musika sakratuaren berrikuntza Hego Euskal Herrian' liburuak.

2007an Antzuolako eta Lizarrako udalek hitzarmena sinatu zuten Eusko Ikaskuntzarekin Alfonso Ugarteri buruzko liburua idazteko. Beka bat eskaini zuten horretarako eta Ainhoa Kaiero Musikologian doktoreari egokitu zaio musikari antzuolarraren obra eta bizitzari buruzko liburua idaztea. 


Hiru urtez gogor lan egin ostean liburuak argia ikusi du orain. Antzuolako Torresoroa aretoan egin zuten aurkezpen ekitaldia atzo eta bertan izan ziren Antzuolako kultura zinegotzi Patxi Olabarria, liburuaren egile Ainhoa Kaiero, Eusko Ikaskuntzako Musika Saileko lehendakari Itziar Larrinaga eta Alfonso Ugarteren biloba Jokin Nabaskues. Horiez gain, herritar talde polita elkartu zen.
   

Berritzailea eta abertzalea

Atzoko ekitaldian argi geratu zen 1879ean Antzuolan musikari handi bat jaio zela eta urteak pasa ahala Euskal Herriko musikan, eta batez ere musika sakratuaren berrikuntzan bere aztarna utzi zuela. "Musika sakratuaren berrikuntzan lan izugarria egin zuen Alfonso Ugartek. Erreformaren ideiak zabaldu zituen Lizarran eta Nafarroa osoan. Mugimendu horretan gainera, aurrendaria izan zen", azaldu zuen Ainhoa Kaierok.
Dena dela, Ugarteren lana eta borroka ez zen musika sakratuaren berrikuntzara mugatu. Ezer baino lehen euskalduna eta abertzalea zen eta euskal kulturaren eta folklorearen alde lan handia egin zuen. "Obra asko idatzi zituen euskaraz. Lizarrara iritsi zenean talde abertzale bat sortu zuen Daniel Irujo eta Ibero eta Renteria aitekin. Gainera, dirudienez mendearen hasieran lehen euskal ereserkia sortu zuten Alfonso Ugarteren musikarekin, baina tamalez galdu egin da", adierazi zuen liburuaren egileak.
Dena dela Alfonso Ugarteren musika ezagutzeaz gain bere musika entzuteko aukera ere izan zen atzo Torresoroa aretoan. Antzuolako Txistulari Taldeak eta Ondarreko Gaiteroek musikari antzuolarrak txisturako konposatu zituen bi pieza jo zituzten: A la notable banda familiar de txistularis, los Lascurain de Vergara eta Ordoiztik Etxartera Biribilketa.

Alfonso Ugarte: musika sakratuaren berritzaile

Alfonso Ugarte 1879an jaio zen Antzuolan baina gaztetan Lizarrara joan zen bizitzera. Aita abesbatza bateko kidea zen eta bere osaba Zumarragako Jasokundeko Ama birjinaren parrokiako organista. Ugartek osabarekin hasi zituen musika ikasketak eta Donostiako Arte Ederretako Elkarteko Musika Akademian amaitu zituen.

 

Musika sakratuaren berrikuntzan egin zuen ekarpenik handiena; lan izugarria egin zuen erreformaren idealak Lizarran eta Nafarroan zehar zabaltzen. Nazionalismo musikalean ere izan zuen zeresana. Daniel Irujo eta Ibero eta Renteria Aitekin talde abertzalea sortu zuen Lizarran. Dirudienez gainera, mendearen hasieran euskal lehen ereserkia sortu zuten Ugarteren musikarekin, baina tamalez galdu egin da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak