Udalak neurriak hartu ditu krisiari aurre egiteko

Irati Agirreazaldegi 2009ko eka. 17a, 18:25

Udaleko Ogasun eta Pertsonal batzordeak erabaki du neurriak hartzea krisi ekonomikoari eta Udalaren finantza egoerari aurre egiteko.

2008an 155.000 euro gutxiago jaso zituen Udalak Gipuzkoako Foru Aldunditik eta Udaletik diotenez, "aurten ere antzerako zerbait gertatuko da iragarpenen arabera. Udalak bere diru iturri garrantzitsuenetik gutxienez %20-22 (200.000 euro) gutxiago jasoko du". Aldundiarekin egindako "finantziazio planean" aurreikusi bezala, "Udaleko diruzaintza soberakina txikia izan arren, bi edo hiru urtean beherako tendentzia iragartzen dugu eta egoera geldiarazi nahi genuke".

Inbertsiorik ez

Neurri nagusia izango da 2009an diruzaintza soberakinekin egin nahi zituzten inbertsioak bertan behera uztea. Torresoroako harmaila eta baserrietako ur eta saneamendu lanen lehen fasea ez dituzte egingo.

Torresoroako harmailak
Aurrekontua 160.000 euro
Udal aportazioa 80.000 euro
Dirulaguntza 80.000 euro

Baserrietako ur saneamendua
Aurrekontua 108.000 euro
Udal aportazioa 40.000 euro
Dirulaguntza 68.000 euro

2008ko balantzearen azterketa

Bestalde, 2008ko balantzea aztertu eta ikusitako desorekek ere badute eragina neurriak hartzerakoan.

  • Urteko aurrekontuak egitean dirulaguntzetan beherapenak planteatu arren, gehiago murriztu behar dira eta %10 jaitsiko dituzte.
  • Eguneko zentro eta etxez-etxeko laguntza zerbitzuak udalari suposatzen dion gastua ez da hasieran aurreikusitakoa, gehiago baizik.
  • Mizpirualdera bideratzeko aurreikusitako 4.220 euroak ez dituzte emango.
  • Telefono finkoetatik mugikorretara egiten dira deiak, hortaz, telefono tarifetan aldaketak egin eta 2.000 euro aurreztuko dituzte.
  • Lorezaintzarako diru kopuru mugatu bat ezarri dute ia 20.000 euro aurreztuz.
  • 2009an hutsik dagoen brigada buruaren postua ez betetzea erabaki dute.

Langileen kontratazioa

Postu hori hutsik geratu arren, langileei dagokienez hainbat irizpide zehaztu dituzte 2009rako.

  • Brigadaren definizioa egingo dute etorkizuneko brigadaren egitura eta zereginak definituz
  • Foru Aldundiak krisiaren eragina gutxitu asmoz langileak kontratatzeko laguntzak bideratu ditu eta brigadarako langile bat kontratatzea da asmoa, Udalak enpresa gastuak ordainduko lituzke eta Foru Aldundiak langilearen soldata sei hilabetez
  • INEMeko laguntzekin ere brigadarako langilea hartuko dute eta guztira urte amaierara bitartean hiru langile izango lirateke. Azkenik, 2010 urtearen hasieran Auzolan programa abiatuko dute Bideberri mankomunitatearen bitartez.
  • Lan mundura barneratzeko arazoak dituzten pertsonekin osatutako taldea izango da sei hilabeteko iraupena izango duena.

Hortaz, Inbertsioak bertan behera utzi, gastu arrunta gutxitu eta langileei dagokienez neurriak hartuz aurre egin nahi diote arazoari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak