Pedro Iturbe: "Kiroldegi funtzioa beteko duen aterpe bat behar da, eta lanean dihardugu lortzeko"

Irati Agirreazaldegi 2008ko uzt. 24a, 14:16
Urtebete pasa da Pedro Iturbek Antzuolako alkatetza hartu zuenetik. Urte honen ondoren, agintaldiaren balorazioa egiteko eskatu diogu alkateari, baita Udalean dauden gainontzeko alderdiei ere.

Urtebeteren ostean, zein balorazio egiten duzu, orokorrean?
Lehenengo urtea beti da gogorra. Baina, oro har, balorazioa positiboa da. Aurretik hasitako proiektu batzuek lan handia eman digute. Gainera, kontuan izan behar da udalbatzan jende gehiena berria garela eta kosta egiten dela martxa hartzea.

Aurrez hasitako proiektuek lana eman dizuetela diozu.
Sartu ginenean, plazan erreka zabaltzeko lanak amaitzear ziren, eta zirkulazioa antolatzeko piboteak ipini nahi izan genituen. Bestalde, baziren beste proiektu batzuk abian: Torresoroa gizarte etxea eta 20 etxebizitza tasatuak. Proiektuak ondo aztertzeak eta aldaketak egiteak eman zigun lana; aurretik proiektua ondo ezagutu ezean, kosta egiten da.

Urte honetan barrena aurreko bideari jarraitu diozue?

Nolabait esateko, aurrekoari jarraitu diogu, bai. Herria obraz beteta zegoen. Sarrerak amaitzeke zeuden eta horrek nahiko lan eman zigun. Horren harira, herriko argiteriaren inguruan arazoak sortu ziren: instalazioak zaharkituta zeuden eta kableak aldatu eta auzoetarako koadro berriak sartu behar ziren. Hobekuntzak egitearekin eta aurreko proiektuekin jarraitzearekin  bagenuen nahiko lan. Gainera,  zirkulazio arazoa ere hor zegoen eta lanean dihardugu ea bideratzen ditugun arazook.

Udal funtzionamenduan nolakoa da parte-hartzea?
Oso ona. Talde bakoitzak markatzen ditu bere lehentasunak, eta zein batzordetan egongo den eta zeinetan ez. Baina hasieratik taldeetako ordezkariak ez ezik herritar asko hurbiltzen da batzordeetara eta parte-hartzea ona izan da, bai taldeei dagokienez eta baita herritarrei dagokienez ere. Batzorde batetik bestera parte-hartze maila aldatzen da, baina batzorde guztiak nahiko indartsu dabiltza parte-hartzeari dagokionez, eta hori gero, kaleko ekintzetan eta jardueretan ere igartzen da.

Nolakoa da oposizioarekiko harremana Udalean?
Banatu behar dira harreman politikoak eta herriari dagozkion gaietan sor daitezkeenak. Herriari dagozkionetan, batzordeetan adostasunera iristen saiatzen gara erabakiak kaleratu aurretik. Hala ere, egoera politikoak asko markatzen du eta  desadostasun gehien horrek eragin ditu. Hortik begiratuta, egoera zailak, tristeak eta gogorrak izan dira. Prozesu bat bukatu eta beste egoera baten sartu ginen, eta  egoera txarra da orokorrean. Baina udal jardunaren inguruan harremanak onak izan dira.

Alkatetza hartu zenuenean zenituen erronkak bete dira?
Gure asmoa zen Udala ezagutzea, finkatzea eta indarrean zeuden proiektuak amaitzea. 2008ko bukaera alderako uste dut proiektu horiek amaituta egongo direla. Torresoroko eguneko zentroa eta zaintzapeko etxeak irailerako abian ipini nahi ditugu, eta liburutegia urte amaierarako. Auditoriuma atzeratuta badoa ere, hor sortuko da gune bat herritarren beharretara egokituz eurendako zerbitzu bat izango dena. Bestalde, Beheko auzoan egin zen sarrera eta Sagastin egingo den biribilgunea herriko sarrera nagusiak izatera pasako dira eta Sagastik garrantzia hartuko du zirkulazioari dagokionez. Ondoren, gertu izango gara beste proiektu eta arazo batzuei heltzeko. Kirol instalazioetan frontoia berritu behar da. Garbi ikusten dugu, adibidez, kiroldegi funtzioa beteko lukeen aterpe baten beharra. Eskolan ere bada aterpe falta eta oro har toki falta. Asmo horrek aurrera egin dezan badihardugu Eusko Jaurlaritzarekin eta Diputazioarekin harremanetan. Herriko altzariak ere berritu behar dira.

Aurrerantzerako zein asmo duzue esku artean?
Proiektu asko daude. Bada bat Udalak eskumenik ez izan arren garrantzi handia duena: bidegorria, hain zuzen ere;  2008ko bukaeran edo 2009ko hasieran hasiko dira obrak. Bestalde, bada beste proiektu bat herriarendako garrantzitsua dena; baserrietara ura eta saneamendua eramatea. Horrek diru asko eskatuko du eta ez da agintaldi honetan bakarrik egingo.  Uraren gaineko diagnosiaren zain egon gara eta orain proiektua idazten dihardugu.

EAJ

"ANVk Antzuolako Udalean urtebete honetan izandako jarduerari izenburu bat jartzen ausartuz gero, Paradoxa eta demagogia izango litzateke hori.

Izan ere, harrituta gaude EAJtik aurreko gure agintaldian hain kritikatua izan zen programa bera zein emankorra izan den oraingo udalburuentzat. Guk kudeatutako guztia kopiatu eta jarraitu besterik ez dutelako egin EAEko hautatutakoek urtebete honetan.

Baina kezkati ere bagaude, herri proiektu bat ez dugulako ikusten. Are kezkatiago, balego, iparrorratzik ezean, talde lan sendorik ez, eta talde hori bideratuko duenik inon ikusten ez dugulako.
Errazegi betetzen ditugu herriko hormak paperekin, baina herrigintza egunoroko ekintzekin egiten delakoan gaude, eta hori da une honetan Antzuolako Udalean falta dena".

Zutik-EB-Aralar

"Su-etenetik Isaias Carrascoren erailketara giro politikoa aldatu da eta Udalean ere eragin du; tentsio-uneak bizi izan diren arren, talde guztietako zinegotziok egin dugu lan batzordeetan. Eskertzekoa da herritarren inplikazioa herrigintzan, bileren ordutegiak ere horretan lagundu du. Denon lanari esker, hasita zeuden azpiegiturak bukatzear daude. Proiektu berriak martxan jarri edo berreskuratu dira: baserrietara ura eramateko lanak, ondare naturala kontserbatzekoak... Auzolana bultzatu da; genero-politikak sustatu dira; elkarte eta herritarrekin batera alardea aldatzeko urratsak eman dira. Gizarte zerbitzuetan lan mankomunatua finkatu da. Baina hobetzeko badira gauzak: lanen eta herritarren eskaeren plangintza eta jarraipena. Oraindik betetzeko Udalak diruen erronkak, berriz, hauek dira: industrialdea, gaztetxea, etxebizitzen gaia, hezkuntza premiak, AHT..."

PSE-EE

"Urte honetan gaizki gobernatu da Antzuolan. Euskal Y-a babesten dugu; hortaz, alkateak azpiegitura horren aurka azaldutako jarrerarekin ez gatoz bat. Hala ere, Ongizate Sailak kezkatzen gaitu batik bat. Izan ere, oraindik ez daude abian eguneko zentroa, erretiratuen etxea, sendagilearen kontsulta, zaintzapeko etxeak... Bestalde, auzoak ahaztuta daude eta zaintzeko neurriak hartu behar dira. Garraio publikoaren arazoa aspaldikoa da eta Antzuolari dagokionez, Olaraneko geltokia mantentzeko eskatzen dugu. Gazteek etxebizitzarako erraztasuna izatea ezinbestekotzat jotzen dugu eta Hilaturaseko proiektuaren barruan %50 babestuak izatea eskatzen dugu. Herriaren kanpoaldean industrialde eta aisialdirako ekintzen falta ere sumatzen dugu, baita kirol eskaintzan urritasunak ere. Bestalde, salatzekoa da euskararen erabilera partidista eta udaletxea 'eraikuntza nazionalerako' erabiltzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak