Mairuaren irudia duindu nahi dute alardean

Irati Agirreazaldegi 2008ko urt. 11a, 11:30
Eusko Ikaskuntzak eta Antzuolako Udalak Mairuaren Alardearen inguruan elkarlanean egindako ikerketa soziokulturalaren emaitzak aurkeztu zituzten eguenean. Patxi Olabarria kultura zinegotzia; Teresa del Valle Gipuzkoako Eusko Ikaskuntzako presidenteordea; Mairuaren Alardearen Kultur Elkarteko Jose Luis Kortabarria; eta Margaret Bullen eta Xabier Kerexeta ikerlanaren arduradunak izan ziren ekitaldian.

Margaret Bullen eta Xabier Kerexetak zuzendu duten lanaren helburua izan da alardearen lehena, oraina eta geroa definitzea. Horretarako, iragana ikertzeaz gain, herritarrei inkesta zabal eta sakonak egin dizkiete. Ondoren, jaia bideratzeko proposamenak egin dituzte.

Aldaketarako proposamenak

Xabier Kerexetak esan digunez, "Antzuolako alardea ez dago hasieran iruditu zitzaigun bezain gaizki. Herritarren aldetik ez dago jarrera negatiborik; pasiboa da negatiboa baino gehiago".

Ikerketa egin ostean, argi ikusi dute alardea modernizatzeko, gaur egungo ikuspuntuetara egokitzeko beharra dagoela. "Gure proposamenetan ez dugu aurreikusten ezer kentzea orain dauden elementu koreografiko edo eszenografikoetatik, baina bai aldatzea. Batez ere mairuaren irudia duindu egin beharko litzateke", dio Kerexetak.

Aldaketa hori gauzatzeko hainbat proposamen zehatz aurkeztu dituzte: "Mairua  astotik zaldira pasatzea kristauarekin parekatzeko; Janzkera dotoreagoa ipintzea purpura kolorekoa, erregetzarena; Azalaren kolorea iluna mantentzea baina ez horren beltza eta zikina. Arropa zuria zikinduz itxura eskasagoa ematen diolako; euskaraz hitz batzuk esatea; eta Inguruko lau laguntzaileak bere eskoltakoak izatea".
Bestalde, diskurtsoaren edukia goxoagoa, leunagoa egitea ere proposatzen dute eta antzezpena ere horren arabera egokitzea; eta koreografiari alaitasuna, bizitasuna ematea.

Bi lantalde

Asmoek aurrera egin dezaten bi lantalde sortzea proposatu du Eusko Ikaskuntzak:  Historia lantzeko eta aldaketak historiari erreparatuta egiteko bata; eta bestea praktikan aldaketak nola egin erabakiko lukeena.

Xabier Kerexetaren esanetan, "oraindik erabakitzeke dago aldaketa guztiak batera ala progresiboki egin behar diren. Hori antzuolarren esku dago". Hortaz, ez dago aurreratzerik aurtengo jaietan Mairuaren Alardean berritasunik izango den ala ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak