Jai batzordeak dio "oso-oso ondo" joan direla herriko jaiak

Irati Agirreazaldegi 2009ko uzt. 24a, 14:32
Antzuolako jaiak amaituta, Udaleko Jai batzordean balorazioa egin dute eta oso-oso ondo joan direla jakinarazi dute: "Jai parte-hartzaileak izatea zen helburua, eta ekintzetan parte hartu dutenen zein ikusleen aldetik helburua guztiz bete da".

Egunez egun izan da azpimarratzeko ekintzarik. Eguenean, jaiak hasteko modua eta ordua aldatu ziren eta begi onez hartu da jaiak goizean eta umeekin hastea; eta batukadaren arrakasta ere aipatu dute.
Egubakoitzean paella lehiaketak izan zuen arrakasta. Hamar koadrilak hartu zuten parte, iazko marmitako lehiaketan baino hiru gehiagok, eta giro aparta izan zen. "Gau partean, ordea, eguraldi euritsu eta hotzak jendea uxatu zuen".
Txosnetan ere izan zuen eragina egubakoitzeko eguraldiak, baina ibili da jendea eta giro polita izan da. Aurten agertokia ipintzeak taldeekiko gertutasuna eman du eta herri afarian ere giro polita izan zen.

Alarde berriaren arrakasta


Zapatuan, Mairuaren Alardea "ahaztezina" izan zela dio Jai batzordeak. Mairuaren Alardea biziberritzeko taldeak ere oso balorazio positiboa egin du.
"Aldaketokin taldearen helburuak bete dira: alardearen inguruan jendeak zituen kutsu edo pertzepzio negatiboak gainditu dira eta parte-hartzaileak (200 lagun) eta ikusleak gehitu. Alardearen ondoren herrian poza eta ilusioa nabaritu ziren".
Udaleko ordezkariek, Mairuaren Alardearen Kultur Elkarteko ordezkariek eta hainbat herritarrek osatutako Mairuaren Alardea Biziberritzeko Taldearen esanetan, "bide egokia hartu du alardeak, baina badaude hobetu beharreko gaiak; iraupenarena, esaterako. Taldeak lanean jarraituko du aurtengo alardea oinarri hartuta, datorren urtekoa erabat borobila izan dadin".


Domeka, jaietako azken eguna izan arren, ez zen, ordea, ekintzarik falta izan. Lehen aldiz jota nafarrak izan ziren eta jendeak gustura  hartu zituen. Anelkarrek antolatutako elkartasun jaian aurreikuspenak gainditu eta jakiak berehala amaitu ziren. Larrain-dantza, berriz, inoiz baino herritar gehiagok egin zuen. "Ondarreko gaitarien lan bikaina ere ezin da ahaztu barik utzi".
Jai batzordekoek eta Mairuaren Alardea Biziberritzeko Taldekoek eskerrak eman nahi dizkiete zuzenean zein ikusle modura parte hartu dutenei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak