Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren postontzia udaletxean

Irati Agirreazaldegi 2008ko aza. 13a, 12:29
Eguaztenean ekimen baten aurkezpena egin zuten udalbatzarren aretoan Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok eta Uemako koordinatzaile Iñaki Arregik. Euskal Herri osoan abian ipini duten asmo baten berri eman zuten. Egitasmo horri orain egin diote lekua Antzuolan.

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak hizkuntza eskubideak babestea du helburu arlo pribatuan zein publikoan. Uemak ere ahaleginak egin ditu hizkuntza eskubideen gaian: salaketak ipiniz, egitasmoak bultzatuz...Bi erakundeok elkarlanean jarduteko hitzarmena sinatu zuten maiatzean eta horren harira Uemako herrietan hizkuntza eskubideen urraketen gaineko kexak edo egoki egindakoak zoriontzeko oharrak jasotzeko postontziak ipintzen dihardute. Antzuolan abian da ekimena eta mezuak jaso zain daude.

Uemako Iñaki Arregik esan zuen, “denoi gertatu izan zaigu inoiz Ertzaintzara edo Osakidetzara joan eta harrera euskaraz ez egitea. Horrelakoetan haserretu egiten gara, baina era berean ohitu gara horrelako jarrerak irensten”.

Gaineratu zuen Uemak, Behatokiarekin elkarlanean, eman duela urratsa salaketak modu sistematikoan egiteko. “Udalek ez ezik herritarrek ere eskubideen urraketak salatu behar dituzte, modu naturalean egin ezean ez dugulako ezer lortuko. Gero gu arduratuko gara kexa horiek kudeatzeaz”.

Udaletxean eta liburutegian

Antzuolan udaletxeko harreran ipini dute postontzia eta laster liburutegian ipiniko dute. Herritarrek bete ahal izango dituzte postontziaren kanpoko aldean dauden orriak. Postontzi horien bitartez hizkuntza eskubideen urraketak salatu edo hizkuntzaren gainean egoki egindako ekintzak txalotu ahal izango dira. Aldian behin fitxak jaso eta kexei konponbidea ematen saiatuko dira. Erantzuna lehenbailehen behar izanez gero premiazko prozedura erabiliz Behatokiaren telefono zenbakira (902194332) deitu beharko da.

Paul Bilbaok Behatokiaren gaineko azalpenak eman zituen. Esan zuen euren lan ildoak direla euskararen telefonoa, aldez aurreko lana, txostengintza, edukien gizarteratzea eta nazioarteratzea.
Ondoren, kexak edo zorionak jasotzen dituztenean zer egiten duten ere azaldu zuen. Datu zehatzak jaso, mezua bidali duenaren konfidentzialtasuna gorde, informazioa osatu eta urraketa egin duen erakundeari jakinarazpena egiten diete eta baita konponbidea eskatu ere. Herritarrei ere jakinarazten diete euren mezua jaso dutela eta gero txosten juridikoa egiten da edo jakinarazpenetik harago joan beharra ikusiko balitz pauso hori ere ematen dute.

Esan zuen baita ere sarritan jendeak zalantza izaten duela euren gertaerak salatzeko modukoak ote diren ala ez. “Guk esaten diegu txikia iruditu arren urraketa badago salatu beharko luketela. Bestalde, askotan gertatzen da hizkuntza eskubideak urratzeaz gain, erantzun zakarrak jaso behar izatea eta hori onartezina da”, esan zuen Bilbaok.

Behatokitik ere herritarren partehartzea ezinbestekotzat jo zuten modu eraginkorrean lan egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak