Herriko mugarriak ezagutzeko mendi ibilaldia domekan

Irati Agirreazaldegi 2009ko ots. 27a, 13:23

Iazko udazkenean hasitako 'Antzuola ezagutzen' programarekin asteburu honetan jarraituko dute. Domekan mugarrien ibilaldiko lehen atala izango da.

Lehen saiorako Jose Mari Iturbek herri inguruko iturrien gaineko ikus-entzunezkoa gertatu zuen eta arrakasta izan zuen gaiak, 45 lagun inguru azaldu ziren emanaldira.
Ondoren, urrian, Pagape, Otain eta Irular inguruetan ibilaldia egin zuten 70 lagunek. Herritarrendako hain ezaguna ez den Irimoegibarrenean zehar ibili ziren, hain zuzen ere, hango iturriak eta parajeak ezagutzen.

Hiru ibilaldi

Ikusentzunezkoak eta ibilaldiak izandako arrakasta ikusita,  martxoan hasita mugarrien ibilbidea egitea pentsatu zuten Udaletik, beti ere herria hobeto ezagutzeko asmoz.
Herriko hainbat txokotan dauden mugarriak ezagutzeko hiru irteera antolatu dituzte guztira.

  • Martxoak 1: Deskarga-Ilunpe
  • Martxoak 29: Ilunpe-Aizpurutxo
  • Maiatzak 10: Aizpurutxo-Deskarga

Lehenengo irteeran parte hartu nahi dutenek 08:30ean Plazan elkartuko dira eta autoz joango dira Deskargara. Handik abiatuta lau edo bost ordu inguruko ibilaldia egingo dute, eta antolatzaileen esanetan umeak ere joateko moduko irteera da domekakoa.
Ibilbidean barrena honakoak ikusiko dituzte:

Deskargako mugarria (Antzuola, Legazpi eta Urretxu arteko muga, hiru gurutze dituena)

  • Lakiola gaina eta iturria
  • Arrola eta Irikorta iturria
  • Arrolako gune megalitikoak
  • Arranoaitz (Antzuolak, Legazpirekin eta Oñatirekin muga egiten du)
  • Koroso iturria eta alberga
  • Korosomuino
  • Landarraitz
  • Irumugarrieta (Antzuola, Oñati eta Bergara elkartzen dituena)
  • Astoaga baserriaren aztarnak (Antzuolan altuen zegoen baserria)
  • Trukarritxa iturria
  • Ranchoalegre
  • Mixo baserria
  • Burubiko
  • Aldabe iturria

Jose Mari Iturbe: "Makina bat haserre sortu izan da mugarrien kontura"

Iturriak, karobiak, mugarriak... herriko txoko mordoa aztertu du Jose Mari Iturbek, nekazaritza zinegotzia delako ez ezik gustuko duelako ere bai. Mugarrien gaineko azalpenak eman dizkigu.

Zein garrantzi dute mugarriek herriarendako?

Gaur egun teknologia berriak, GPSak... direla medio, garrantzia galtzen dihardute, baina makina bat iskanbila eta haserre sortu izan da mugarrien kontura. Gaur egun ere erreferentzia izaten jarraitzen dute eta zaindu beharrekoak dira.

Antzuolarren badaukate mugarri horien berri?

Badago ezagutzen dituen jendea, baina beste askok ez ditu ezagutzen. Batzuk bereziak dira, esaterako Deskargakoa. Nahiz eta errepidetik ikusteko moduan egon ez dugu ezagutzen. Batzuk falta dira eta beste zenbait sasi artean ezkutatuta daude, eta ez da samurra izango aurkitzea.

Zein berezitasun dute?

Deskargakoa, esaterako, lehena da, Urretxu Legazpi eta Antzuola banatzen ditu, eta gainean hiru gurutze ditu. Mugarriak sasoi desberdinetakoak dira, batzuk oso zaharrak eta zenbakia irakurtzea gaitza egiten da, baina denak zenbatuta daude.

Nola aztertu dituzu?

Antzuolako mapa erabiliz perfilak eta erliebeak ezagutzeko eta hainbat lagunek emandako informazioa erabiliz mendian banaka mugarriak lokalizatuz. Denak ez ditut aurkitu eta espero dut domekan berriak ezagutzea.

Merezi du ibilaldiak?

Bai, mugarriak gure herriaren ezaugarri dira eta  herriari hiru zatitan buelta emango diogunez, hainbat ikuspuntutatik ezagutuko dugu. Gainera, oso gutxi ezagutzen ditugun baso, erreka eta inguru bereziak ikusteko aukera izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak