Gutxigatik, baina Elayko langileek baiezkoa eman arren, sindikatuek ez dute soldata jaitsiera sinatuko

Txomin Madina Milikua 2009ko api. 23a, 18:33
Atzo ELAY enpresan egindako batzarrean, sei botogatik enpresak soldatak %15 jaisteko proposamena onartzea erabaki zuten langileek. Baina baiezkoa hain alde gutxigatik izan zela ikusita, sindikatuek erabaki zuten enpresaren proposamenari ezezkoa ematea. Enpresaren esku geratzen da orain erabakia.

Bada denbora bat enpresako zuzendaritzak enpresaren bideragarritasuna bermatu guran soldata jaitsierak proposatu zituela, esanaz bestela kaleratzeak egon zitezkeela. Egoera horren aurrean langileek proposatutako aukeretako bat izan zen aparteko ordainsariak ez kobratzea enpresatik irteera duinak bermatzeko. Zuzendaritzak baina, ez zuen hau onartu.

Soldatak jaistearen harira, zuzendaritzak proposatzen zuen hiru urtez  %15 jaistea, eta 2011an berriz ere igotzea, ekoizpenaren bidez lortutako irabaziak 500.000 euro baino gehiagokoak badira behintzat. Soldatak horrela errekuperatuko ez balira, enpresaren proposamena da KPIren araberako soldata igoerek %15eko jaitsiera horretatik amortizatzea.

ELA sindikatua proposamena kontra agertu zen, LAB eta UGT aldiz, alde. Azkenean langileek proposamenari baiezkoa ematea erabaki zuten atzo sei botogatik eta aldea hain txikia izan zela ikusita, LAB eta UGTk ere hitzarmena ez sinatzea erabaki zuten. Orain enpresari dagokio zer egin erabakitzea.

Alde ezberdinen ikuspuntua

ELA sindikatuarekin harremanetan jarrita, azaldu digute eurak hasieratik agertu zirela soldatak jaistearen kontra. Salatu dute era berean enpresak soldatak jaitsi gura dituela krisia amaitzen denean kostuak merkatuta egoteko, eta gaineratu dute, soldatak jaitsi arren enpresak ez duela bermatzen kaleratzeak egongo ez direnik.

Elayrekin harremanetan jarrita, esan digute eurek ez dutela adierazpenik egingo, eta saiatu arren, ezin izan dugu LAB eta UGT sindikatuekin hitz egin.

ERE berri bat

Elay enpresan gainera, orain arte langileen %40ari eragiten zion lan jardunaren %25eko murrizketa ahalbideratzen zuen enplegu erregulazio espedientea egon da indarrean. Orain Lan Delegaritzak onartu du, langile gehiagori eragingo dien beste ERE bat baimentzea, lan jardunaren %40ko murrizketa suposatuko duena. Enpresak baina, esan du maiatzera arte behintzat ez duela bigarren hau aplikatuko.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak