Euskaraz jolasten ikasteko saioak egiten dihardute Antzuolako Herri Ikastetxean

Miren Arregi Amasorrain 2009ko mar. 24a, 14:34
Jolas tradizionalak euskaraz egiten ikasteko saioak egin dituzte hiru astetan zehar Antzuolako Herri Ikastetxeko umeek. Bost eta hamar urte bitartekoek egin dituzte saiook eta asteon amaituko dira, jolasak euskaraz ikasteko Txatxilipurdi elkartearen eskutik jaso dituzten eskolak. Umeek jolas tradizionalak gaztelaniaz egiteko dute joerak bultzatu du Antzuolako udala egitasmo hori antolatzera.

Joera handia omen dago ohiko jolasak gaztelaniaz egiteko, eta saioen asmoa da jolas tradizionalak euskaraz erakustea. Ikusirik batez ere neskatilek egiten dituzten goma jokoan edota eskujolasetan erabiltzen dituzten abesti gehienak gaztelaniazkoak direla, eta horiek euskaraz egiteko abestiak badirela, Antzuolako udalak umeekin jolasok euskaraz lantzeko beharra ikusi zuen. Udalaren proposamena izan zen beraz, Txatxilipurdi elkartearekin eta hiru astetan zehar, eskolako jolasorduak jolasak euskaraz egiten ikasteko erabiltzea. Egitasmoak, badu lotura Debagoieneko Mankomunitateak euskararen transmisioa lantzeko umeendako banatu zituen kantu eta jolas gidarekin.

Eta gaur egin dute Antzuolako ikastetxean saio horietako bat. Jolasgaraian harrapatu ditugu umeak Txatxilipurdiko hezitzaileekin,  guztiontzat ezagunak diren jolas tradizionalak egiten, euskaraz.

Umeek, gainera, esan digute, antolatutako jokoekin bikain pasatzen dutela, eta nahiago dutela halakoak egin jolasordua nahi dutena egiteko erabili baino. Umeak pozik, beraz, eta begiraleak eta irakasleak ere bai, ordu erdiko saioak aurreikusi arren luzatu egin dituztelako behin baino gehiagotan. Gainera, badirudi jolas tradizionalak euskaraz egiten ikasteko saiakerak eman dituela fruituak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak